Urbat Urkotronik waterpolo taldeak 10-7 irabazi dio Leioa C-ri
Emakumezkoen Euskal Herriko 1. Mailan jokatzen duen Urbat Urkotronik waterpolo taldeak denboraldiko bigarren garaipena lortu du asteburuan, Leioa C-ri 10-7 irabazita. Horrela, joan den astean Iruñean hasitako garaipen bideari jarraipena eman diote eibartarrek.
Sailkapenean azkenengo postuan dago Leioa C eta Urbatek aukera bikaina zuen emaitza positiboa lortzeko. Ostera, lana berdin egin beharra zuten eta serio ekin zioten partiduari. Urbatekoen berbetan, “partida une oro kontrolpean izan zuen Urbatek eta jokalari guztiek jokatzeko denbora izan zuten”.
Izan ere, zera azpimarratzen dute klubetik: “Gaur egun, taldea kadeteen blokearen eta seniorren bloke historikoaren artean elkartuz doa. Lehenengoek banakako teknika eta taktika hobetu behar dute, eta bigarrenek baloiaren jabetza hobeto maneiatu behar dute. Guztien gainetik, Ezozi Akizu atezaina, benetako horma bezala nabarmentzen da”.
Hurrengo jardunaldia
Urbateko taldeak datorren asteburuko partiduetara begira jarri dira dagoeneko. Gizonezkoen 2. Maila Nazionalean jokatzen duen taldeak zapatuan jokatuko du, 12:00etan, CN Metropolere aurka. Eibartarrek hiru partidutatik hirurak galdu dituzte eta lehia zaila izango dute liderraren igerilekuan.
Euskal Herriko 1. Mailako gizonezkoek, bere aldetik, Lauro ikastolari egingo diote bisita, barixakuan, 20:30ean. Eta maila berean jokatzen duten neskak Sestaon arituko dira, domekan, 12:00etan.
Harrobiari dagokionez, jubeniletako taldeak Sestao hartuko du domekan, 13:15ean, Orbeako igerilekuan; gizonezkoen kadeteek Larrainari egingo diote bisita, domekan, 17:45ean; eta infantil mistoko taldeak Urgara jasoko du, Orbean, barixakuan, 21:15ean.
Saria alebinentzat
Asteburuan, bestalde, Urbatekoak Gipuzkoako Igeriketa Federazioaren galan (GIF) izan dira, 2024-2025 denboraldiko sariak banatu direlako. Bertan, Eskola Ligan bigarren postua lortu zuen alebinen taldeak saria jaso du, Luken eta Paul jokalarien eskutik.