Urbat Urkotronik waterpolo taldea erraz nagusitu zitzaion Alcorconi (20-8)

Urbat Urkotronik waterpolo taldea erraz nagusitu zitzaion Alcorconi (20-8)
2024/02/12 11:33
eta kitto!

Hiru puntu garrantzitsu eskuratu zituen gure herriko waterplo klubeko lehen taldeak zapatuan Donostiako Paco Yoldi igerilekuan 2. Nazional Mailako partiduan Alcorconi hamabi golengatik irabazita. Lehen zazpi erasoetan markagailuan 7-0koa ezarri ondoren, lasai eta gozatzeko moduan aritu zen Eibarko taldea, laurdena 7-2ko partzialarekin amaitu ondoren. Lehen fasea amaituta, talde armaginak 2. multzoan borrokatu beharko du hemendik aurrera, mailari eustearekiko helburuarekin. Hori bai, fase horretarako lehen fasean lortutako puntuak balioko dute, eta sailkapena honela dago:  12rekin, Dos Hermanas, Malaga eta Urbat; 10ekin, Brains; 9rekin, Alcorcon eta Chiclana; 6rekin, Elche; eta 2rekin, Tres Cantos.

Gizonezkoen B taldeak, bestalde, ia emaitza berbera izan zuen, baina aurkakoa oraingoan: 22-8 galdu baitzuen Portugaleten. Jokalari gutxirekin izan zen taldea Bizkaia aldean eta hori ondo nabaritu zen jokoan izandako nekean. Barixaku honetan puntuak lortzen saiatu beharko dira eibartarrak etxean, Orbeako igerilekuan, Leioaren aurka jokatu beharreko partiduan, “egoera kritikotik ateratzeko”.

Kadete mailako taldeak partidu polita egin zuen Donostian eta, Euskal Ligako Elite Mailara sartzeko partidu garrantzitsuan, ondo irabazi zion Easoko CN Easwim taldeari (3-11). Harrobiko beste taldeen partiduetan, infantil mistoetan Urbateko bi taldeen arteko neurketa izan zen, eta hor Urbat Gorri 16-2 nagusitu zitzaion Urbar Beltzari, nesken Urbi Amorek Askartzarekin 3-16 galtzen zuen bitartean. Azkenik, eskola mailako partiduan, Urbatek 6-2 irabazi zion Lautadari.