Urbat Urkotroniken jubenilak hirugarren izan dira Espainiako 2. Mailako Txapelketan
Asteburu historikoa izan da Urbat IKErentzat. Ligak amaituta, beste txapelketa batzuetan ari dira waterpolo jokalari eibartarrak eta emaitza gogoangarriak lortu dituzte gainera.
Lorpenik garrantzitsuena jubenilen taldeak lortu du. Espainiako 2. Mailako Txapelketan izan da eta hirugarren postua eskuratu du, maila nazionaleko talde handienen aurka jokatuz. Podium horrekin, klubaren historiako bigarren titulu nazionala lortu du, “Eibarko waterpoloaren hazkundea eta azken urteetan egindako lan bikaina berretsiz”, klubaren berbetan.
Infantil taldeak ere parte-hartze nabarmena izan zuen Copa Fanáticos txapelketan, eta hamargarren postuan amaitu zuen lehiaketa. Taldea adin desberdinetako jokalariz osatuta egon zen, 2012tik 2016ra jaiotako neska-mutilekin, esperientzia pilatuz eta maila handiko aurkarien aurka lehiatuz.
Horrez gain, senior taldeko bi jokalari Euskadiko Selekzioarekin aritu dira Copa Atlántica txapelketan eta zilarrezko dominarekin itzuli dira etxera.