Urbat Urkotroniken talde nagusiek galdu egin zuten asteburuan

Harrobiko taldeek, ostera, emaitza positiboak eskuratu zituzten
Urbat Urkotroniken talde nagusiek galdu egin zuten asteburuan
2026/05/11 16:48
Ekhi Belar Errasti

Asteburu bizi izan dute Urbat Urkotronik waterplko taldeek, eta emaitzek argi utzi dute harrobia sasoi betean dagoela. Senior mailetan porrotak iritsi baziren ere, gazte kategorietako taldeek garaipen ikusgarriak eta joko maila handia erakutsi zuten.

Seniorretako gizonezkoen taldeak 17-7 galdu zuen DN Portugaleteren aurka Euskal Herriko Kopan. Eibartarrek aurkari oso eraginkorra izan zuten aurrean, eta nahiz eta une askotan lehia bizirik mantentzen saiatu, portugaletetarren erritmoak alde handia ireki zuen markagailuan.

Emakumezkoen senior taldeak ere kanpoan jokatu zuen, eta 10-6 galdu zuen Askartza B-ren aurka. Urbateko jokalariek intentsitate handiz egin zuten lan, baina etxeko taldeak eraginkorragoak izan ziren erasoan eta aukerak hobeto baliatu zituzten.

Poz handienak, ordea, harrobiko taldeek eman zituzten. Jubenilek bi garaipen eder eskuratu zituzten asteburuan. Lehenengo neurketan 14-10 menderatu zuten Leioa WT, erasoko joko bizi eta ausartari esker. Bigarrenean, berriz, 5-10 nagusitu ziren Lautadaren aurka, neurketa osoan kontrola erakutsiz.

Kadeteetako mutilen taldeak ere garaipen sendoa lortu zuen WP Navarra-ren aurka (6-4). Defentsan egindako lan bikainak eta talde osoaren elkarlan sendoak giltza eman zioten garaipenari.

Infantil mistoak, berriz, asteburuko partidarik ikusgarrienetako bat jokatu zuen WP Navarraren aurka. 15-15eko berdinketarekin amaitu zen neurketa, golez eta aukeraz beteriko lehia eroan. Penaltietan, ordea, Urbatek odol hotz handiagoa erakutsi zuen eta 4-2 nagusitu zen.