Urbat IKE-ren taldeek hiru garaipen lortu dituzte asteburuan

Senior gizonezkoen bi taldeek eta Jubenilek irabazi egin dute. Emakumezkoen taldeak, berriz, 11-12 galdu zuen Lauro B-ren aurka, partida oso parekatuan
Urbat IKE-ren taldeek hiru garaipen lortu dituzte asteburuan
2026/10/13 10:59
Ekhi Belar Errasti

Urbat IKE-ren taldeek emaitza onak lortu dituzte asteburuko jardunaldian. Senior gizonezkoen bi taldeek eta Jubenilek garaipena eskuratu dute, eta Senior emakumezkoen taldeak, Hiru Urak izenarekin lehiatzen denak, porrot estua jaso du.

2. Maila Nazionaleko Senior Gizonen taldeak 15-7 irabazi dio Fauca Unión Teneriferi, ligako lehen partidan. Eibartarrek sendotasuna eta eraginkortasuna erakutsi dituzte, denboraldiko lehen hiru puntuak eskuratzeko. Gainera, Urbateko Igor Moreno izan da partidako jokalaririk onena, garaipenean egindako ekarpenagatik.

Euskal Herriko 1. Mailako Senior Gizonen taldeak ere garaipena lortu du, WP Donostiaren igerilekuan 5-10 irabazita. Urbatek partida ona jokatu du aurkariaren etxean, eta hiru puntuak eskuratu ditu.

Senior emakumezkoen taldeak, Hiru Urakek, 11-12 galdu du Lauro B-ren aurka. Norgehiagoka bizia eta parekatua izan zen, gol askorekin, eta eibartarrek azken unera arte borrokatu zuten. Azkenean, garaipenak ihes egin zien gol bakarragatik, baina taldeak sentsazio onak utzi zituen erakutsitako lehiakortasunagatik.

Azkenik, Jubenil taldeak 16-9 irabazi dio Lauro taldeari. Partida maldan gora hasi zen eibartarrentzat, aurkariak 0-3koa jarri baitzuen markagailuan. Hala ere, Urbatek erreakzionatu, emaitzari buelta eman eta garaipena lortu zuen. Horrela, izaera eta erreakzionatzeko gaitasuna erakutsi zituen taldeak, asteburua garaipen sendo batekin amaitzeko.