Urbat waterpolo taldeak Portugaleteko torneoa irabazi du

Urbat waterpolo taldeak Portugaleteko torneoa irabazi du
2023/10/02 17:19
eta kitto!
Urbat waterpolo klubeko emakumezkoen senior taldeak Portugaleteko torneoa bereganatu zuen asteburuan, bertan Nautica etxeko taldearen eta Santoñaren aurkako partiduak irabazi eta gero. Gizonezkoen taldeak, bestalde, Amorebieta-Etxanon jokatutako Euskal Herriko Superkopan hirugarren postuan sailkatu zen. WP Navarraren aurka ez zuen maila eman Eibarko taldeak (18-4 galduz), baina jakin izan zuen WP Donostiri irabazten (14-11).

Datorren asteburuan hasiko du, azkenik, Urbateko gizonezkoen lehen taldeak bere ibilbide berria 2. Maila Nazionaleko ligan. Etxean jokatu beharreko partidu guztiak Donostiako Paco Yoldi igerilekuan izango ditu gure herriko taldeak. Plantilla guztia Euskal Herrian jaiotako jokalariekin osatua dago: zortzi Eibarkoak dira, lau Gasteizkoak eta Soraluzeko eta Pasaiako bana.