Urbat waterpolo taldeek porrotarekin hasi dute liga
Urbat IKE waterpolo taldeak zapatuan, urriak 11, jokatu zuen 2. Nazionaleko lehen jardunaldia. Madrilgo Concepcion Ciudad Lineal izan zuen arerio eta porrotarekin itzuli zen etxera, 11-6 amaitu ondoren.
Madrilgo taldea hasieratik jarri zen markagailuan aurretik eta, azken zatian erlaxatu arren, ondo eutsi zion aurretik lortutako aldeari. "Nabarmentzekoa, nazional mailean debuta egin zuten Peio Bergaretxe, Telmo Málaga, Alex Alexandrov eta Jagoba Jimenez jokalari gazteak", esan diguteUrbatetik.
Urbat IKE-k zapatu honetan jokatuko du bigarren jardunaldia, urriaren 18an, 20:15ean, Donostiko Paco Yoldi kiroldegian, CW Dos Hermanas taldearen kontra.
Emakumezkoak Irunen
Emakumezkoen seniorretako Euskal Herriko 1. Mailako Urbatek CDW Urgara Txingudiri egin zion bisita eta porrotarekin itzuli zen, 13-11 amaituz. "Nahiz eta partidaren zati handi baten jokoaren ekimena gurea izan, 0-5 irabazten joan ginen,azkenean, nekeak jota, Urgarak partidoari buelta ematea lortu zuen 13-11ko azken emaitzarekin. Azpimarratzekoa da Ane Alberdi, June Padilla eta Elene Ansola kadeteek senior mailan egin duten debuta", azaldu dute klubetik.
Datorren asteburuan, Askartza A taldea jasoko du hilaren 18an, 13:30ean, Orbean.
Beste taldeak
Klubeko beste taldeei dagokienez, gizonezkoen seniorretako Euskal Herriko 1. Mailako Urbat B taldeak 11-10 irabazi zion WP Donostiari eta, hurrengo jardunaldian, Navarra B-ren kontra jokatuko du domekan, urriak 19, 16:30ean, CD Larraina igerilekuan.
Jubenilek, bere aldetik, barixakuan jokatuko dute, urriak 17, 21:15ean, Orbean, Getxoren kontra.