Urbat waterpolo taldeko jubenilek Espainiako Txapelketarako txartela eskuratu dute

Jubenilak 21-8 gailendu zitzaien asteburuan WC Logroñori, oso maila ona erakutsiz
Urbat waterpolo taldeko jubenilek Espainiako Txapelketarako txartela eskuratu dute
2026/06/01 10:26
Ekhi Belar Errasti

Asteburu bikaina izan da Urbat IKE-rentzat, eta albiste nagusia jubenil taldeak eman du. Eibartarrek 21-8 menderatu zuten WC Logroño eta garaipen horri esker 2. Mailako Espainiako Txapelketarako sailkapena lortu dute.

Urbat nagusi izan zen hasieratik amaierara arte. Taldeak intentsitate handiz jokatu zuen, defentsan sendo eta erasoan oso eraginkor, eta markagailuan alde handiak hartzen joan zen neurketak aurrera egin ahala. Garaipenak denboraldi bikain bati amaiera ezin hobea eman dio, eta orain estatuko txapelketan lehiatzeko aukera izango dute armaginek.

Kadete mailako mutilen taldeak ere asteburu borobila osatu zuen. Etxekoek 21-6 irabazi zioten WP Donostiari, joko ikusgarria eta erritmo handia erakutsiz. Urbateko jokalariek neurketa erabat kontrolatu zuten, erasoko joko azkar eta eraginkorrari esker, eta denboraldi amaierara sentsazio ezin hobeekin iritsi dira.

Eskolarteko taldeak, berriz, 2-4 galdu zuen WP Donostia Txuriaren aurka. Emaitza gorabehera, partida oso lehiatua izan zen eta azken minutuetara arte zabalik egon zen. Gainera, aurkariak infantil mailako hainbat jokalari zituen bere lerroetan, eta horrek are gehiago zaildu zuen neurketa.