Urbatek maila nazionalean jarraitzea ziurtatu du lau jardunaldiren faltan
Liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan, eroso beraz, amaituko du bere lehen denboraldia maila nazionalean Urbat Urkotronik waterpoloko taldeak. Aurreko zapatuan Donostiako Paco Yoldi igerilekuan jokatutako partiduan, Davide Cerchiren taldeak 17-14 irabazi zion Sevillako Dos Hermanas taldeari eta, puntu horiei esker, jaisteko arriskua guztiz saihestu dute eibartarrek. Erasoan bikain jokatu bazuten ere Urbatekoek, defentsan ez ziren hain serio aritu eta horregatik ez zuten alde handiagoarekin irabazi.
Urbateko senior mailako beste bi taldeei dagokienez, gizonezkoen bigarren taldeak gol bakarrarengatik galdu zuen azken unean Waterpolo Navarra B-ren aurkako partidua, irabazita zutela zirudienean. Emakumezkoen Urbiak, bestalde, 15-13 irabazi zion Leioa B taldeari.