Urki Kurutzekua auzoko parkea estaltzeko lanak hasi dituzte

Urki Kurutzekua auzoko parkea estaltzeko lanak hasi dituzte
2026/05/11 13:39
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak jakinarazi duenez, hasi dituzte Urki Kurutzekua haur-parkea estaltzeko lanak. Udalaren arabera, auzoko familiek eta bizilagunek auzo-bileretan behin baino gehiagotan egindako eskaera izan da, eta estaldurari esker espazioaren erabilera “nabarmen hobetuko” da urte osoan zehar.

Une honetan, obraren lehen fasea amaitzen ari direla azaldu du Udalak. Fase honetan, parkea estaltzeko egituraren oinarri izango diren hormigoizko zapatak jartzen ari dira. Lan horiek Landa e Imaz enpresari esleitu zaizkio, eta 12.886,50 euroko kostua izango dute, BEZa barne.

Lehen fasea amaitutakoan, behin betiko estaldura instalatzeko kontratazioa egingo du Udalak. Helburua da parkeak euriaren aurkako babesa eskaintzea eta haurrek zein familiek espazioa erosotasun eta segurtasun handiagoz erabili ahal izatea.

Jon Iraola alkatearen esanetan, “proiektu honek argi erakusten du auzo-bilerek balio dutela herritarren benetako beharrak entzun eta ekintza zehatz bihurtzeko”. Gaineratu duenez, Urki Kurutzekuako gurasoek “askotan” eskatu dute parkea estaltzea, euria egiten duen egunetan ere erabili ahal izateko.

Bestalde, Pedro Escribano Obra zinegotziak azpimarratu du lehen fase hau “urrats garrantzitsua baina isila” dela. “Oraingo fasea ez da beti agerikoena izaten, baina bai erabakigarriena. Oinarri onik gabe, ez dago denboran iraungo duen proiekturik”, adierazi du.

Udalaren arabera, esku-hartze honen helburua da espazio publikoak “irisgarriagoak, erosoagoak eta herriko klimara egokituagoak” izatea, bereziki haurrentzako guneetan.