Urkorainoko bidea argiztatuko dute astelehenean Deporreko mendeurrenaren harira

Urkorainoko bidea argiztatuko dute astelehenean Deporreko mendeurrenaren harira
2024/01/25 13:22
eta kitto!
Klub Deportiboaren ekimena izango dugu datorren astelehenean, urtarrilak 29an. Gure mendirik garaienera argiz beteriko katea egitera joko dute, Urkora alegia. Hori dela eta, giza-katea osatuko da Arrajola-Aritxuluetako zelaietan gora, parte hartuko duen bakoitzak bekokiko argiaz edo linternaz baliatuz, guztien artean bide argiztatua burutzeko. Argi-bide hori ikusgarria izango da, batez ere Unbe eta Ipurua-Urkitik. Klub Deportibotik deia egiten diete interesatuei Klubera hurbiltzeko, 17:30etik 21:30era, edo bestela 943-201904 telefono zenbakira deitzeko.

Deporreko mendeurrenaren harira sortutako ekitaldia astelehen arratsaldeko 18:15etik 19:15era osatuko dute eta 300 bat lagunen parte-hartzea izango du, bakoitzaren arteko 5-6 metroko distantziari jarraituz, Arrajolatik tontorreraino ibilbidea osatzeko.