Urrian Eibarren egingo den Euskadiko Adinekoen II. Topaketa aurkeztu dute

Urriaren 1ean hiru lurralde historikoetako adineko ehunka pertsona bilduko dira Eibarko Astelena frontoian, elkartegintza eta boluntariotza aldarrikatuko dituen festa handi batean.
Urrian Eibarren egingo den Euskadiko Adinekoen II. Topaketa aurkeztu dute
2024/05/10 11:03
eta kitto!

Iaz Durangon egindako lehen topaketak izan zuen arrakasta ikusita, esperientzia Eibarren errepikatzea erabaki du Euskofederpen Euskadiko Adinekoen Federazioak. Horrela, urriaren 1ean hiru lurralde historikoetako adineko ehunka pertsona bilduko dira Eibarko Astelena frontoian, elkartegintza eta boluntariotza aldarrikatuko dituen festa handi batean. Ekitaldian Euskal Herriko adineko pertsona ezagunek hartuko dute parte.

Topaketa atzo aurkeztu zuten eta, nagusien ordezkariek nabarmendu zutenez, “65 urtetik gorako pertsonak EAEko biztanleriaren %25 baino gehiago dira. Beraz, ezinbestekoa da longebitate berri baten inguruan lan egitea. Izan ere, aAdineko pertsonek gero eta presentzia eta garrantzi handiagoa dute gizarteko hainbat esparrutan”.

Agijupens (Gipuzkoa), Nagusiak (Bizkaia) eta Las Cuatro Torres (Araba) elkarteek osatzen duten Euskofederpen federazioaren zuzendaritza batzordeak, errealitate hori ikusarazteko asmoz antolatu du topaketa, agintarien laguntzarekin. Aurreratu dutenez, euskal lurraldean bizi diren adinekoen elkarte eta kolektiboak Astelena frontoian elkartuko dira, eta Eibarko Udalak, hiru foru aldundietako ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzak egingo diete harrera. Instituzioen harreraren ondoren, elkarteetako kideek hitza hartuko dute, elkartegintzaren boterea eta boluntariotza sustatzeko beharra aldarrikatzeko. Ekitaldian, gainera, dantzak eta abesbatzen emanaldiak egongo dira. Amaieran, herri-bazkaria egingo da.

Euskofederpen Euskadiko Adinekoen Federazioa, 1980tik ari da lanean, EAEko pentsiodun eta erretiratuen elkarte guztiak koordinatzeko eta ordezkatzeko. Hiru lurralde historikoetako 230 gizarte-zentro baino gehiago daude bertan, eta hauek dira federazioaren helburu nagusiak: adinekoak talde sozial gisa bizi duten errealitatearen berri ematea; adinekoen kolektiboa talde sozial aktiboa eta ekintzailea dela erakustea; dibertsitatea eta gizarteari egiten dion ekarpena erakustea; parte hartzeko eta aisialdirako guneak aldarrikatzea; beste gizarte-talde batzuekin harremanetan jartzea, ahal den neurrian belaunaldien arteko harreman positiboak sustatuz; eta elkartegintzaren eta boluntariotzaren lana eta boterea sustatzea, aldaketa-faktore gisa.