Urriaren 21ean beste txango bat egingo du Deporreko mendi taldeak
2023/10/10
17:25
eta kitto!
Oraingoan Arabako mendialdera joango dira, Kanpezutik abiatu eta Maeztun amaitzeko, tartean 1.048 metroko Arburura igoz. Ibilbideko distantzia 21 kilometrokoa izango da, eta igoera metatua 942 metrokoa. Pago eta gurbitz artean helduko dira 994 metroko Hornillosera, lehenengo gailurrera. Oteoko errota eta urjauziaren albotik pasatuko da bidea eta, pagadi eta artadi basotik igaroz, Arburuko azken aldapa gogor baina laburrari ekingo diote. Handik gutxira, 1.040 metroko Santa Agedako tontorrera iritsiko dira, lautadan tarte laburra egin ondoren. Peñalascinko gailurra (907 m) eta Obiko Arkaitz (854 m) ere zapalduko dituzte egun horretan. Antolatzaileek diotenez, “zeharkaldi xumea da, teknikoki zein fisikoki; osteratxo polita Arabako mendiak ezagutzeko”.
Informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko, interesatuak martitzen eta eguenetan pasatu daitezke (19:30-20:30) Eibarko Klub Deportiboko bulegotik edo, bestela, 943 20 19 04 telefono zenbakira deitu.