Urriaren 21erako bisita-tailerra antolatu dute Armagintzaren Museoan, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan
Eibarko Armagintzaren Museotik adierazi dutenez, “berrikuntza eta ekintzailetza Eibarko DNAren parte dira. Eibartarrek behin eta berriz berrasmatu izan dituzte gure baliabide industrialak, garaietara egokituz”. Hori dela eta, urriaren 21ean Eibarko industria-ondarea berriro asmatzen tradizioan sakonduko dute, asmo horrekin egingo den bisita-tailerraren bidez. Azaldu dutenez, “iraganean eta orduko industria- eta artisau-prozesuetan murgildu ondoren, museoko pieza bat berrasmatuko dugu 3D inprimaketako tailer-erakusketa baten bidez, Mrlaspiurren eskutik. Tradizioa, artisautza eta 3D teknologia, gure izaera ekintzaileari balioa emateko eta bizirik mantentzen jarraitzeko”.
Tailerra elebiduna izango da eta arratsaldez egingo dute, 16:30tik 19:30era bitartean Armagintzaren Museoan bertan eta 16 urtetik gorakoek eman dezakete izena, urriaren 17ra arte, ondorengo estekan: http://formularioak.eibar.eus/es/berriroasmatzea2023-01. Prezioa 6 eurokoa da. Informazio gehiagorako museoa@eibar.eus helbidera idatzi daiteke.