Urteko Batzar Nagusia egin du ...eta kitto! Euskara Elkarteak
Martitzenean elkartearen egoitzan egindako Urteko Batzar Nagusian aurkeztu zituen ...eta kitto! Euskara Elkarteak iazko balorazioa eta balantzea eta 2024rako proposamena eta aurrekontua. Elkartearen estrategia lantzeko urtea izan zen iazkoa elkartearentzat. "Zentzu guztietan hobera egiteko hausnarketa egin dugu: gure marka eta irudia zaindu eta ikustarazteko, lan-antolaketa berria egiteko, proiektua bera sendotzeko... Elkarte profesional erakargarria, modernoa eta berritzailea izaten jarraitu nahi dugu". Elkarlanak elkartean duen pisua ere nabarmendu zuten Batzarrean, "guretzat ezinbestekoa da herriko beste eragile eta elkarteekin egiten dugun elkarlana. Eta horretan jarraitu nahi dugu, aliantza berriak lotzen eta elkarlaneko sarea ehuntzen".
Bailara mailako hedabideen proiektuaren berri ere eman zitzaien bertaratutako bazkideei, eta gaia zein puntutan dagoen eta elkarteak dituen asmoak azaldu ziren.
2024a Elkartearen ahalduntze urtea izango dela aipatu zuten, eta horren harira martxan dagoela otsailaz geroztik gizarteratze-kanpaina berria, elkarteko webgune berriarekin batera abiarazi zena. Izan ere, "kanpainarekin babes ekonomikoa baino gehiago babes soziala da bilatzen duguna, hau da, herritarrek bat egitea elkartearen jardun, helburu eta balioekin".
Bazkide-kuotan, bestalde, ez dago aldaketarik: 5€koa da 16 urtetik beherakoentzat; 20€koa langabetu, ikasle eta jubilatuentzat; eta 50€koa lanean ari direnentzat. Bazkide-kuota urtean behin ordaintzen da. Eta zuzendaritzarako proposamena onartuta, horrela osatuta geratu da: presidentea, Ekaitz Juaristi; presidente ordea, Gorka Guenaga; idazkaria, Maider Aranberri; diruzaina, Marisol Uriarte; eta bokalak, Ana Aizpurua, Jualian Fernandez, Ainara Lavado, Ane Lizarralde, Jon Mardaras, Anartz Mitxelena, Jon Mikel Mugika eta Iraia Muñoa.