Urtzi Rugby Eguna egingo da maiatzaren 30ean
Maiatzaren 30ean, larunbata, Urtzi Rugby Eguna ospatuko da, “Urtzi Abanzabalegi Aranzabal errugbi zale eta lagun maitearen omenez”, antolatzaileen berbetan. Ekintzak Unben egingo dira eta, egunak Euskal Jaiarekin bat egiten duenez, ospakizunen ondoren Euskal Jaiko ekintzez gozatzeko deia egiten dute.
Egitaraua 10:00etan hasiko da, ordu horretan batuko baitira Unben; eta ondoren, 11:00etan, errugbi partida irekia egingo da. “Jokalarien parte-hartzea irekia izango da, hau da, jolasteko ez da zertan talde bateko kide izan beharrik”, diote antolatzaileek. Taldeak zozketa bidez osatuko dira zelaian bertan.
Partidaren ondoren, noski, hirugarren zatia egingo da Unbeko tabernan eta, gero, 14:30ean, bazkaria. Gainera, ‘3. Urtzi Rugby Eguna’ dioten zapiak banatuko dira.
Horrekin emango zaio amaiera Urtzi Abanzabalegi gogoratzeko egunari, baina Unbetik jaitsi ondoren festak jarraipena izango du Euskal Jaiarekin.