Usartza Txistulari Taldeak kontzertua eskainiko du domekan Udaletxeko arkupetan
Datorren domekan, apirilak 12, kontzertua eskainiko du Usartza Txistulari Taldeak Eibarko Udaletxeko arkupetan. Emanaldia 12:45 inguruan hasiko da, Errepublikaren urteurrenaren ospakizunaren ondoren. Ekimenak musika tradizionala kalera ateratzea eta herritarrei zuzenean eskaintzea du helburu.
Kontzertuan, taldeak askotariko piezak interpretatuko ditu, besteak beste, fandangoak, arin-arinak, biribilketak eta doinu herrikoiak. Egitarauan daude, besteak beste, Jerman, Murru, Hasierakoa, Hiru Euskal Doinu eta Barrencalle lanak, euskal musikaren egile ezagun zein herrikoien piezekin batera.
Kontzertuaren aurretik, kalejira egingo dute 10:30ean hasita. Antolatzaileen arabera, Urki auzoan barrena ibiltzea da asmoa, nahiz eta eguraldiaren arabera ibilbidea moldatu ahal izango duten.