Usoa Ostolazak irabazi du Eibarko Hiria Sari Nagusia Ixuan erasoa jota
Ikusgarria izan zen atzo jokatutako Eibarko Hiria Sari Nagusia. Emakumezkoen nazioarteko lasterketak maila handiko lehia eskaini zuen, eta garaipena Usoa Ostolaza zarauztarrak eskuratu zuen, Ixuan emandako kolpe zorrotzari esker.
Laboral Kutxako txirrindulariak azken igoeran jo zuen erasoa, tropela hautsiz. Maite Urteaga (Eulen) zumaiarrak eutsi zion, hasiera batean, erasoari, baina gailurrera iritsi baino kilometro lehenago Ostolazak erritmoa estutu egin zuen eta bakarrik pasa zen Ixua gainetik.
Indar erakustaldi bikainarekin bakarrik iritsi zen Toribio Etxebarriako helmugara, 2:56:54ko denborarekin eta 36,8 kilometro orduko batez besteko abiaduran, 108,5 kilometroko ibilbidea osatuta.
Podiuma Maite Urteagak eta Sandra Alonsok osatu zuten. Hirugarren sailkatu zen Alonso Eneicat taldeko maillotarekin lehiatu zen, aurretik Espainiako Federazioaren koloreekin aritu ondoren.
Eguneko ihesaldia Gorostiza (Eulen), Hashimi (Vini Fantini) eta Missiaggiak (Eneicat) osatu zuten. Hiru txirrindulariek probaren erdira arte eutsi zioten buruko postuari, baina Laboral Kutxako taldeak erritmoa gogortu zuenean amaitu ziren haien aukerak.
Talde-lan aparta egin zuten garailearen taldekideek. Lehenik Patiñok mugitu zuen lasterketa, ondoren Amondarainek aurkarien erasoei erantzun zien, Erasok ere saiakera egin zuen, eta azkenik Ostolazak eman zuen kolpe erabakigarria.
Probaren gogortasunaren erakusgarri, 70 izen-ematetatik 26 txirrindularik ez zuten lasterketa amaitu.