Ustekabe Txarangak zilarrezko ezteiak ospatuko ditu zapatuan

Txarangak 25 urte beteko ditu, eta belaunaldi desberdinetako musikariak elkartuko dira kalejiran ospatzeko.
Ustekabe Txarangak zilarrezko ezteiak ospatuko ditu zapatuan
2025/11/14 12:02
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Ustekabe Txarangak 25 urte beteko ditu zapatu honetan, eta urteurren berezia ospatzeko, taldean urte hauetan parte hartu duten musikariak elkartuko dira Eibarko kaleetan egingo den kalejiran. 2000. urtean sortu zenetik, txaranga herriko kultur eta jai giroko ikur bilakatu da, eta «Eibarko izpirituaren enbaxadore» izan dela adierazi dute taldeko kideek. Izan ere, herriko jai eta ekitaldi nagusietan parte hartu du urtez urte: Sanjuanak, Sanandresak, Inauteriak, auzoetako festak, kirol hitzorduak eta euskararen aldeko ekimenak, besteak beste.

Txarangatik igaro diren musikariek nabarmendu dute Ustekabe “musika egiteko gunea baino askoz gehiago” izan dela urte hauetan: “barreak, bidaiak, entseguak, festak, adiskidetasuna eta ikaskuntza partekatua” izan dira taldearen egunerokoaren parte. 25 urteotan ia 70 gaztek osatu dute proiektua.

Ospakizunak

Kalejira arratsaldeko 18:00ak inguruan abiatuko da Bittor Sarasketako entsegu-gelatik. Ondoren, geldialdia egingo dute Musika Eskolaren aurrean —txarangaren sorlekua gogoratzeko— eta bertatik herriko erdigunera abiatuko dira, Untzagan amaitzeko.

Belaunaldi desberdinetako musikariak elkartuko dira ospakizunean, eta jarraian anaitasun-afaria egingo dute. “Urteurrena hasteko, Ustekabeko parte aktibo izan diren guztiekin elkartu nahi dugu, gure balio eta konpromiso berberek batzen gaituztelako”, adierazi dute.

Taldeak gehitu du urteurrenak aukera emango duela Ustekaberen historiaren parte izan diren pertsonei eta proiektua eutsi duten guztiei aitortza egiteko. "Beti egin duguna egingo dugu: gure kaleetara poza ekartzea", gaineratu dute.

Ustekabe Txaranga