Uxue Alberdi izango da bihar “Harixa Emoten” saioan

Uxue Alberdi idazle elgoibartarra hurbilduko da bihar taldera, bertako kideekin batera “Hetero” liburuari mamia ateratzeko.
Uxue Alberdi izango da bihar “Harixa Emoten” saioan
2026/01/19 14:44
eta kitto!

Urteko lehenengo saioa izango du bihar, martitzena, “Idazlearekin Harixa Emoten” irakurle-taldeak. Uxue Alberdi idazle elgoibartarra hurbilduko da taldera, “Hetero” liburuaren gainean berba egiteko. Idazle elgoibartarra 19:00etatik aurrera izango da Portaleko batzartokian. "Harixa Emoten" ekimena Eibarko Udal Liburutegiak antolatzen du, ...eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlanean.

"Araua eta arrakala. Bien arteko tentsioan ageri zaizkigu ipuin hauetako protagonistak. Emakumezkoak dira ia denak, eta gizonez ari dira, nagusiki. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez: unean bertan egin eta esan ez ziren horiez.

Aitak —odolekoak, kulturalak, politikoak—, maitaleak, adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”; hiru laguneko gorputz bakar bat frenorik gabe aldapan behera; Zarautz, Elgoibar, Kuba —“desira aplastante bat”—; whatsapp bidezko literatura lezioak; ezin bete diren promesak urpean eta naufragatzen utzitako bizi-puskak; hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Tarteko jendearen presentzia aztoragarria eta hizkuntzaren dardara bizia.

Zortzi istorio askotariko eta hurbileko bildu ditu Uxue Alberdik bere hirugarren narrazio liburuan"