Uxue Alberdi izango dugu bihar “Idazlearekin harixa emoten” saioan

"Belarriko kilkerra" liburuari buruz egingo du berba idazle elgoibartarrak
Uxue Alberdi izango dugu bihar “Idazlearekin harixa emoten” saioan
2024/03/11 11:56
eta kitto!

Uxue Alberdi idazle eta bertsolari elgoibartarra izango dugu bihar Eibarren “Idazlearekin harixa emoten” irakurle taldearen saioan.  Belarriko kilkerra liburuari buruz egingo du berba eta parte hartzaileek aukera izango dute liburuari buruzko galderak edo iruzkinak egiteko.

Ainhoa Aldazabalek zuzenduko du saioa. Eibarko udal liburutegiak ...eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlanean antolatutako jarduera da.

Elgoibar, 1984. Euskal idazlea da, bertsolaria eta Kazetaritzan lizentziatua. Literatura tailerren irakasle, itzultzaile, irakurle-taldeen gidari, letragile eta beste hainbat alorretan aritzen da lanean. Hauek dira argitaratutako zenbait lan: Narrazioa arloan: Aulki bat elurretan (2007, Elkar, Igartza Sariaren irabazlea), Aulki-jokoa (2009, Elkar), El juego de las sillas, (Miren Agur Meabe itzultzaile) (Alberdania, 2012), Euli-giro (2013, Susa), Jenisjoplin (2017, Susa), Dendaostekoak (2020, Alberdania). Saiakeran Kontrako eztarritik: emakume bertsolarien testigantzak (2019, Susa), Hili (2021, Elkar). Eta Haur eta gazte literaturan: Ezin dut, eta zer? (2011, Elkar), Marizikina naiz, eta zer? (2012, Elkar), Zure denboraren truke (2013, Elkar), Txikitzen zaretenean (2013, Pamiela), Bi kobazulo (2015, Elkar), Besarkada (2015, Elkar) eta Poza (2018, Elkar)

 

Liburuaren sinopsia

Ahoz kontatu eta belarriz jasotako testuak dira. Norbaitek apartatu ditu eguneroko bizitzako gertakari-sailetik eta gorde ditu memoriaren kaiolatxoan. Min edo ditxa zirelako, gogoratzea merezi zuten. Akorduan hartu zituenak ez zituen beretzat gorde, ordea, eta, aldian-aldian, lagunen konpainia noblean, ahora ekarri izan ditu txitean-pitean.