Uxue Gutierrez infantila bigarren izan da Gipuzkoako Judo Txapelketan

Kalamua Judo Taldeko judokak zilarrezko domina eskuratu du -44 kiloko kategorian eta Euskadiko Eskolarteko Jokoetarako txartela lortu du
Uxue Gutierrez infantila bigarren izan da Gipuzkoako Judo Txapelketan
2026/03/10 15:48
Ekhi Belar Errasti

Igandean, martxoaren 8an, jokatu zen Urnietako kiroldegian Gipuzkoako Infantil Judo Txapelketako hirugarren jardunaldia, eta bertan nabarmendu zen Uxue Gutierrez, Kalamua Judo Taldeko ordezkaria. Judokak zilarrezko domina eskuratu zuen -44 kiloko emakumezkoen kategorian, aurreko bi jardunaldietan lortutako emaitza bera errepikatuta.

Lehen bi kanporaketak sendo irabazi ondoren, berriro ere finalera iristea lortu zuen. Hala ere, azken borrokan ezin izan zuen garaipena eskuratu, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Azpitxapeldunorde izateari esker, Gutierrezek Euskadiko Eskolarteko Jokoetan parte hartzeko txartela lortu du. Txapelketa martxoaren 28an jokatuko da, eta bertan emaitza onak lortuz gero, Espainiako Txapelketarako sailkapena ere lortu ahal izango du. Aurten txapelketa hori apirilaren 18an jokatuko da Palma de Mallorcan.

Bestalde, klubetik animo mezua bidali diote Josu Garro judokari. Lesio baten ondorioz ezin izan zuen Gipuzkoako Txapelketako azken jardunaldian parte hartu, eta horrek puntuak pilatzeko aukera kendu dio. Hori dela eta, ezin izango du Euskadiko Eskolarteko Jokoetan lehiatu, baina taldekideek laster berriro tatamian ikustea espero dute.