Uxue Gutierrezek beste zilarrezko domina bat eskuratu du Legazpiko Nazioarteko Torneoan
Maiatzaren 9an, Legazpin jokatutako III. Nazioarteko Infantil Judo Txapelketan parte hartu zuen Kalamua judo taldeko Uxue Gutierrezek, eta berriro ere podiumera igotzea lortu zuen.
Euskadiko Txapelketan -44 kiloko kategorian zilarrezko domina lortu berri zuen judoka armaginak, baina oraingo honetan erronka berria izan zuen aurrean: -48 kiloko mailan debutatzea, datorren denboraldira begira pisu berrira egokitzen hasteko.
Lehiaketa sendoa egin zuen Uxuek. Hasierako ligaxkan lehen borroka irabazi zuen, eta bigarrena galdu arren, kanporaketetara sailkatzea lortu zuen. Bertan, beste garaipen batekin finalerako txartela eskuratu zuen. Azken neurketan ezin izan zuen aurkaria gainditu, baina zilarrezko domina poltsikoratu zuen berriro ere, progresio bikaina berretsiz.
Klubetik nabarmendu egin dute judokak azken hilabeteetan izan duen bilakaera. Datozen hilabeteetan hainbat txapelketatan parte hartzen jarraituko du, hurrengo denboraldia prestatzen eta aurten lortutako emaitza handiak are gehiago hobetzeko helburuarekin.
Gaztetxoen txanda eta matrikulazioa
Bestalde, Kalamua klubeko gaztetxoenek ere hitzordu ugari izango dituzte aurretik. Benjamin maila azpitik alebinetara arteko judokek Zumarragan lehiatuko dute maiatzaren 16an, Irungo torneora joango dira maiatzaren 23an eta Ondarroan izango dute azken hitzordua ekainaren 6an. Klubaren esanetan, aukera bikainak izango dira txikienek tatamia beste klubetako judokekin partekatzeko eta esperientziaz gozatzeko.
Horrez gain, Judo Club Kalamua-k jakinarazi du 2026/2027 denboraldirako matrikulazioa zabalik dagoela jada. Klubak azpimarratu nahi izan du kirola homologatutako zentroetan eta tituludun entrenatzaileekin egitearen garrantzia, tatamian ikasten diren balioak bizitzako borroketarako ere baliagarriak direlako.