Uztailaren 14tik aurrera Orbea Kiroldegia itxita egongo da, mantentze-lanak egiteko
Kirol-instalazioak hobetzeko lanekin aurrera jarraitzen du Udalak eta, horien artean, Orbea Kiroldegia eraberritzeko proiektuak garrantzi berezia dauka. Adierazi dutenez, jada hobekuntzak egin dituzte sarbideetan, spa gunean eta kirol-ekipamenduan, eta datozen hilabeteetan ere lan berriak egingo dira “zentroa modernizatzeko eta erabiltzaileen gaur egungo beharretara egokitzeko”.
Horrela, mantentze-lan berriak egiteko, Orbea kiroldegia aldi baterako itxiko dute, datorren astelehenetik (uztailak 14) abuztuaren 1era arte (egun horretan berriz zabalduko da): “Itxita dagoen bitartean, beharrezkoak diren lanak eta hobekuntzak egingo dira emakumeen aldageletan, igerilekuan eta beste toki batzuetan. Besteak beste, igerilekuko sabaia ordeztuko da, Urbat klubekoen entrenamendu-saioetarako euste-sare bat jarriko da, emakumeen aldagelako hezetasunak konponduko dira, gimnasioan zoru teknikoa jarriko da eta makinak lekuz aldatuko dira, eta gimnasiorako sarbide-gunea margotu egingo da”.
Andoni Ameztoy Kirol Saileko zinegotziak gaineratu duenez, hobekuntza hauek Udal kirol-instalazioak modernizatzeko estrategia global baten parte dira: “Emakumeen aldagelako jarduketa bereziki lehentasunezkoa zen, eta datozen hilabeteetan ere hobekuntzak egiten jarraituko dugu, bai azpiegiturari bai estetikari begira”.
Udalak eskerrak eman nahi dizkie erabiltzaileei, “jarduketak sor diezazkiekeen trabak ulertzeagatik”, eta gogora ekartzen du beste kirol-espazio batzuk erabilgarri egongo direla behin-behineko itxiera honen alternatiba gisa.