Uztailaren 1ean lehiatuko dute IX. Flysch Beltza Igeriketa zeharkaldi bikoitza

Uztailaren 1ean lehiatuko dute IX. Flysch Beltza Igeriketa zeharkaldi bikoitza
2023/06/21 12:35
eta kitto!

Antolatzaileek gogorarazi dute proban adinez nagusi den edozeinek parte hartu ahal izango duela, federatuta egon ala ez; ostirala da izena emateko azken eguna.


Eibar Igerixan Kirol Klubak antolatuta, Flysch Beltza igeriketa zeharkaldi ezaguna jokatuko dute uztailaren 1ean. Parte hartze ahalik eta zabalena lortzeko asmoarekin, bi ibilbide proposatu dituzte antolatzaileek. Euskal Kostaldeko Geoparkearen flyscharen itsasbidea jarraitu beharko dute proban parte hartuko duten igerilariek: alde batetik, Mutrikuko Saturraran hondartzan hasi eta Debako Santiago hondartzaraino doan 6.500 metroko ibilbide luzea egiteko aukera egongo da, eta, bestetik, Mutrikuko portua eta Debako hondartza batuko dituen 3.000 metroko ibilbide motza.

Ibilbide luzea egitea aukeratzen dutenak 11:30ean uretaratuko dira Saturraranen. Antolatzaileek esan dute ibilbide hori egiteko gehienezko denbora hiru ordukoa izango dela. “Bi orduren buruan anoa-eremutik igaro ez diren edo hiru orduko gehieneko denbora beteta Debako hondartzara iritsi ez diren parte hartzaileak jaso egingo dira”.


Parte hartzeko dortsalak Deban jaso ahal izango dira, hondartzaren ondoan horretarako jarritako lekuan, probaren egunean bertan, 08:30etik aurrera


Ibilbide motzean parte hartuko dutenak, berriz, ordubete beranduago hasiko dira igerian. Proba motza egiteko ere gehienezko denbora ezarri du antolakuntzak; parte hartzaileek gehienez ere bi ordutan egin beharko dute eta, denbora hori gaindituta, antolakuntzak uretan jasoko ditu igerilariak.

Proban parte hartzeko dortsalak Deban jaso ahal izango dira, hondartzaren ondoan horretarako jarritako lekuan, 08:30etik aurrera. Nahi dutenek, gainera, Debatik irteera punturaino joateko autobus zerbitzu berezia izango dute eskura. “Informazio hori dortsalak jasotzean emango da”. Ibilbide luzerako lehen autobusa 10:00etan aterako da Debatik. Ibilbide motzerako lehenengo autobusa, berriz, 11:00etan aterako da.


Uraren tenperatura eta probaren luzera kontuan izanda, neoprenoaren erabilera derrigorrezkoa izango da proba luzean. Ibilbide motzean, ordea, ezingo da neoprenorik erabili


Izen ematea. Antolatzaileek gogorarazi dute proban adinez nagusi den edozeinek parte hartu ahal izango duela, federatuta egon ala ez. Hala ere, 14 urtetik gorakoek ere parte hartu ahal izango dute, baina gurasoen edo legezko tutorearen baimena eta proba egiteko gaitasun fisikoa dutela baieztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

Izena emateko azken eguna ostirala (ekainak 23) da. Interesa dutenek, zehazki, 20:00ak aurretik izena eman beharko dute Rock The Sport webgunean. Antolatzaileek gogorarazi dute gehienez ere 550 parte hartzaile edukiko dituela aurten probak. “Ibilbide luzean gehienez ere 150 igerilarik parte har dezakete eta motzean, gehienez, 400 lagunek”.

Neoprenoaren erabilera. Uraren tenperatura eta probaren luzera kontuan izanda, neoprenoaren erabilera derrigorrezkoa izango da proba luzean. Ibilbide motzean, ordea, ezingo da neoprenorik erabili.