Uztailaren 5ean Zugarramurdi-Bera irteera egingo dute Deporreko mendizaleek

Goizeko 07:00etan irtengo dira Eibartik eta itzulera arratsaldeko 18:00etarako aurreikusten dute
Uztailaren 5ean Zugarramurdi-Bera irteera egingo dute Deporreko mendizaleek
2025/06/18 11:26
eta kitto!

Aurreko asteburuan Eibarko Klub Deportiboak eta Elgoibarko Morkaiko Mendizale Elkarteak elkarrekin antolatutako bi egunetako irteeran 14 mendizale izan ziren Pirinioetara joan zirenak. 2.888 metroko Pico Serrato zen zapatuko helmuga eta 2.875eko Diente de Batanes domekakoa, biak ere ondo lorti zituztenak. Diotenez, oraindik nahiko elur badago 2.500 metrotik gora; horrek, jakina, zertxobait zailduko zuen txangoa, baina sasoian daude mendizaleak. Eguraldi aldetik ere ondo portatu zitzaien, aurretik domekarako euria iragarrita izanda ere.

Deportiboko mendi batzordeko hurrengo irteera uztailaren 5ean izango da, Herri Txikiak zikloaren barruko beste bat. Zugarramurdin hasi eta Beran amaituko den ibilaldiak ia 20 kilometro izango ditu (19,4, hain zuzen ere) eta tartean 759 metroko Arxuria eta 698 metroko Ibanteli gaindituko dituzte, 1.065 metroko desnibel positiboarekin eta 1.230 metroko negatiboarekin. Goizeko 07:00etan irtengo dira Eibartik eta itzulera arratsaldeko 18:00etarako aurreikusten dute. Komeni da izena lehenbailehen ematea.