Valenciaga Memoriala apirilaren 2an jokatuko da eta emakumezkoen UCI mailako proba maiatzaren 28an

Valenciaga Memoriala apirilaren 2an jokatuko da eta emakumezkoen UCI mailako proba maiatzaren 28an
2023/01/17 12:02
eta kitto!
Eibarko Txirrindulari Elkartean aurreko zapatuan egindako Urteko Batzarrean, iazko kontuak onartzeaz gain, denboraldi berrirako proiektuak eta egitaraua eman zituen jakitera. Horrela, ohiko ekitaldiek osatuko dute aurtengo programazioa, honako datetan banatuta:

Otsailaren 12an Udaberri Kontzertuaren 14. edizioa egingo da, martxoaren 5ean junior mailako Udaberri Sariaren 45. edizioa jokatuko da, apirilaren 2an elite eta 23 urtetik beherako Valenciaga Memorialaren 52. edizioa izango da jokoan, maiatzaren 7an kadete mailako CCE Sari Nagusiaren 6. edizioa egingo da, maiatzaren 28an UCI mailako emakumezkoen Eibar Hiria Sari Nagusiak 5. edizioa beteko du, ekainaren 18an jubenil mailako San Juan Sari Nagusiaren 87. edizioa izango da jokatuko dena eta, behin udako oporretatik bueltan, irailaren 24an Pedal edo Bizikleta Egunaren 18. edizioa egingo da eta, amaitzeko, San Andres aurretik, Txistorra Egunak bere 19. edizioa ospatuko du.

Azken denboraldian izandako berritasunen artean, Angel Lopez presidenteak “klubean lehenengo aldiz Valenciagako irudiak zuzenean eskaintzeko helikoptero bat kontratazearena” aipatu zuen gauza berezi bezala.