Valenciaga Memoriala Itzulitik hilabete batera jokatuko da 2024an
2023/12/01
10:24
eta kitto!
Eibarko Txirrindularitza Elkarteak antolatzen duen afizionatuen mailako estatuko proba garrantzitsuenak hilabete bat atzeratuko du datorren urteko edizioa. Azken ediziotan Itzulia eta Valenciaga bata bestearen atzetik jokatu izan dira eta, horrek elkartekoei lanez lepo izatea ekarri dienez (askok Itzuliaren antolakuntzan ere parte hartzen baitute), bi proben arteko tartea handitzea erabaki dute Angel Lopez gidatzen duen Club Ciclistakoek. Horrela, Espainiako Koparako baliagarria izango den lasterketa maiatzaren 5ean jokatuko da (“libre geratzen zen ia data bakarra”), apirilaren 1etik 6ra jokatuko den Itzulitik hilabetera. Aurten lasterketak jokatzeko izan diren arazoek, diotenez, ez dute eraginik izan data aldaketa horretan.
Eibarko Txirrindularitza Elkartekoek antolatzen dute baita emakumezkoen Eibar Hiria Saria ere. Proba hori handik hiru astera jokatuko da, maiatzaren 26an, eta oraingoan mailaz igoko da: 1.1 kategoriatik Pro Seriesera pasatuko da, “gustatuko litzaigukeen World Tour izateko bidean”. Lopez presidenteak dioenez, “Laboral Kutxa dugu babesle eta ondo egongo litzateke, kontuan izanda 2026an mendeurrena beteko dugula”. Datorren urteko emakumezkoen lasterketa horrek helmuga aldatu dezake eta Arratera eraman, “100 urte beteko dituen Klub Deportiboaren Euskal Jaiak tartean izango direlako”.