Valenciaga Memorialaren 54. edizioa jokatuko da domeka goizean
Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatzen duen afizionatuen mailako estatuko lasterketa garrantzitsuena Elite eta 23 urtetik azpiko txirrindularien mailetako Espainiako Koparako proba puntuagarria da. Lasterketa goizeko 09:00etan abiatuko da eta, 165 kilometroko ibilbidea osatuta, 13:00ak pasata amaituko da T. Etxebarria kalean.
Berritasunen artean irteera puntua aipatu dezakegu, oraingoan helmugako tokitik abiatuko baitira parte-hartzaileak, zirkulaziorako kontrako zentzuan Julian Etxeberriatik Bidebarrietara jo eta handik Apalategiraino joanda, bertatik lasterketa hasteko. Proban 1. mailako Ixua izango dute zailtasun handien (helmugatik 27 kilometrora), 2. mailako Azkarate eta Elgeta, eta 3. mailako Elkorrieta, Megas, Areitio eta San Miguelekin batera, etengabeko igoera eta jaitsierez osatutako ibilbidean. Debatik Itziarrera doan bidea itxita dagoenez, Sasiolatik Lasturrera joango dira oraingoan eta, behin Itizarrera helduta, Zarautzeraino joko dute, handik bueltan Azpeitiatik Elgoibarrea jaitsi eta, Maltzagan jiratuta, Bergaratik Elorriorako bidea hartzeko, ondoren Areitio harrapatu eta Ermutik Eibarrera etortzeko. Gurean sartu eta Amañatik hartuko dute saihesbide edo bariantea Ixuaren bila joateko eta, behin Etxeberriara jaitsita, San Migueleko azken gaina geratuko zaie txirrindulariei helmugaren bila etorri aurretik. Probaren amaiera 13:10erako aurreikusten da.