Vanesa Gerardi, argentinar euskalduna
Bizitza etxeko patioan
Resistencia hiri laua da, eta oso handia: 350.000 biztanle inguru eta 56,2 kilometro karratu ditu. “Resistencia herritxo bat zela pentsatzen nuen, Eibarrera lehen aldiz etorri nintzen arte”, esan digu harriduraz. Noski, alde handiak daude herri bien artean. “Resistencian etxebizitza familiabakarrak dira gehienak, ez etxebizitza-blokeak”, dio. Horrela, etxeek nahiko espazio handia dutenez, lagunekin-eta etxeetan biltzeko ohitura dute, kalean edo tabernetan elkartu ordez. “Zapatuetan bai joaten gara taberna batera eta dantza egitera, baina ez gabiltza tabernatik tabernara”, esan digunez. “Han ez dago poteorik eta gauez zabaltzen duten tabernak hiriaren kanpoaldean daude. Erdigunean, ostera, kafetegiak aurkitu daitezke”. Hala ere, Vanesak ez zuen kaferik hartzen Argentinatik irten zen arte. “Han matea hartzen dugu uneoro: lagunekin biltzen garenean, ikasteko orduan…”, diosku. Jendearekin sozializatzeko elementu garrantzitsua da matea, ontzia eta bonbila partekatu egiten direlako (COVIDaren aurretik, noski).
Esnatu, Eibarren gaude
Vanesa ingeles irakaslea da eta Eibarrera etorri aurretik AEBn bizi izan zen, Atlantan. “Han ezagutu nuen gaur egun nire senarra dena, eibartar bat”, esan digu. Argentinan ezkondu ziren, baina Eibar aukeratu zuten bizitzeko. “Argentinako egoera ia beti da nahiko nahasia eta hemen gauzak errazagoak izango zirela pentsatu genuen”, aitortu digu. Hona heldu zenean gauza bitxia gertatu zitzaion. “Bidai luzearen ondoren, Madrilera heldu ginen eta handik trena hartu genuen Bilboraino. Senarraren gurasoak autoan etorri ziren gu jasotzera eta, oso nekatuta negoenez, bidean lo hartu nuen. Azitaineko peajera heldu ginenean begiak zabaldu nituen eta pentsatu nuen oraindik gehiago falta zela Eibarrera iristeko, eta berriz itxi nituen begiak. Orduan, senarrak esnatzeko esan zidan, Eibarren geundelako. ‘Hau da Eibar?’, esan nion”, gogoratzen du barrez. Ez zen berak irudikatzen zuena.
Umeak hazteko toki aproposa
Vanesak 12 urte daramatza Eibarren bizitzen eta asko baloratzen du, adibidez, bere semeek kalean aske jolastea. “Hemen dagoen segurtasuna gustatzen zait. Argentinan pentsaezina da umeak eskolara joan-etorria bakarrik egitea edo parkera bakarrik joatea. Eibar toki aproposa da umeak hazteko”, bere ustez. Hala ere, dena ez da zoragarria hemen eta badaude atentzioa ematen dioten gauzak. “Oso herri handia ez denez, eibartar askok elkar ezagutzen dugu eta ohikoa da bata edo bestearen bizitza pribatuaren berri izatea. Hiri handietan dagoen anonimatuak ez du nekatzen herri txikietan ematen den ‘zer esango duten’ horrek bezain beste”, bere iritziz.
‘Volver’
Carlos Gardel tango abeslariaren kantuak dioen bezala, ‘Volver’ du etengabe buruan Vanesak. “Oso gaizki daramat Argentinatik urrun bizitzea, batez ere nagusitzen joan naizen neurrian”, aitortzen digu. Horregatik, bera semeekin Argentinara joaten da edo ama ekartzen saiatzen da ahal duenean, baina azken urtean ezinezkoa izan da pandemiarengatik. Familia Rosarion bizi da (Parana ibaiaren inguruan baita ere) eta Argentinara joaten denean han egiten du egonaldia, “baina Resistenciara joaten saiatzen naiz, han ditudalako bizitza osoko lagunak”, diosku.