Varona eta Del Rey bikoteak Udaberri Txapelketaren finalerdiak jokatuko ditu Ataunen

Eibarko Klub Deportiboko pilota batzordeak partidu ugari antolatu ditu ostiraletik igandera Astelena frontoian
Varona eta Del Rey bikoteak Udaberri Txapelketaren finalerdiak jokatuko ditu Ataunen
2026/03/11 15:55
eta kitto!

Astelena frontoian ekintza ugari egongo da ostiraletik igandera, Eibarko Klub Deportiboko pilotariak lehian ibiliko baitira zenbait txapelketatan.

Lehen hitzordua ostiralean izango da, 18:30ean hasiko den ohiko jaialdiarekin. Lehenengo bi neurketak Gipuzkoako Goma Paletako Banakako Txapelketakoak izango dira, frontoi osoan jokatuta. Lehen partidan Gisasola eibartarrak Hernaniko Manterolaren aurka jokatuko du, eta bigarrenean Soriak Hernaniko Arandiaren kontra neurtuko ditu indarrak.

Ondoren, errendimenduko alebinen txanda iritsiko da. Atxa eta Uriarte bikoteak Zazpi Itturri 1 taldeko bikotearen aurka jokatuko dute Gipuzkoako Eskuz Binakako Txapelketako final-laurdenetako partida. Jaialdia amaitzeko, kadete mailako partida izango da: Amillategi eta Gil eibartarrek Zestoako Abantzu 2 taldeko bikotearen aurka jokatuko dute Udaberri Binakako Txapelketaren barruan.

Larunbatean nagusien mailako bi partida jokatuko dira, Udaberri Eskuz Binakako Txapelketako azken jardunaldikoak. Batetik, Narvaiza eta Aguirresarobe Eple 1 taldeko bikotearen aurka arituko dira; bestetik, Ibarra eta Conde armaginek Azpeitiko Ilunpe klubeko bikotearen aurka jokatuko dute.

Asteburua igandean itxiko da, arratsaldeko 17:00etan hasiko den partidarekin. Gipuzkoako goma paleta banakako txapelketan Leturiaga eibartarrak Murua izango du aurkari.

Bestalde, Deporreko beste pilotari batzuek etxetik kanpo jokatuko dute. Errendimenduko alebinen mailan, Arriola eta Segurola bikoteak Gipuzkoako txapelketako beste final-laurdenetako partida jokatuko du Zarautzen, Orioko bikotearen aurka. Jubeniletan, berriz, Varona eta Del Rey bikoteak Udaberri Eskuz Binakako Txapelketako finalerdietako partida jokatuko du Ataunen ostiralean.