Vicent Zaragoza sprintean nagusitu zen 55. Valenciaga Oroitzarrean

Daniel Cepa eta Martin Solhaug Hansen igo ziren podiumera La Vila Joiosako txirrindulariarekin batera
Vicent Zaragoza sprintean nagusitu zen 55. Valenciaga Oroitzarrean
2026/05/04 10:17
Ekhi Belar Errasti

Emozio handiko txirrindularitza lasterketa jokatu zen atzo Eibarren, Valenciaga Oroitzarrearen 55. edizioan. Amateur mailako txirrindulari indartsuenak aritu ziren bertan eta maila handiko lasterketa eskaini zuten, garaipena sprintean erabaki zelarik Toribio Etxebarriako helmugan. Bertan, Natural Greatness taldeko Vicent Zaragoza izan zen azkarrena, Daniel Cepa (Caja Rural – Alea) eta Martin Solhaug Hansenen (Cortizo) aurretik.

 

Eibarren hasi eta amaitu zen 159 kilometroko lasterketa, eta ohiko moduan, gogortasun handiko lasterketa izan zen, mendate ugarirekin. Besteak beste, Ixua eta San Miguel mendateen igoerak erabakigarriak izan ziren, tropela zatituz eta lasterketa hautsiz, baina multzo bat iritsi zen azken zuzengunera, garaipena jokoan zela.

 

Foto-finishak erabaki zuen

Hasieratik saiakera ugari egon baziren ere, erritmo altuak ez zuen ihesaldiak sendotzea ahalbidetu. Hala ere, une batean, lasterketak sua hartu zuen Elgetako igoeran eta hainbat txirrindularik tartea irekitzea lortu zuten. Ixuan, Pedri Crausek bakarka egin zuen aurrera, baina eroriko batek bere aukerak zapuztu zituen helmugara iritsi aurretik.

Azken kilometroetan, lasterketa guztiz hautsi zen eta talde txiki batek jokatu zuen garaipena. Azkenean, bost txirrindulariko multzoa (podiumera igo ziren horiez gain, Aimar Tadeo eta Jesse Maris) iritsi zen helmugara elkarrekin, eta bertan Daniel Cepa eta Martin Solhaug Hansen bezalako izen indartsuak izan arren, podiumera La Vila Joiosako txirrindularia izan zen azkarrena azken esprintean, foto-finisha erabili behar izan zuten arren.