XI. Gabontraila aldaketa txikiekin egingo da abenduaren 24an
Gabonetako jaiak mendiaz gozatzen hasteko aukera emango du Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordeak beste behin. Aurten XI. Gabontraila egingo da abenduaren 24an eta, ohiko ibilbideari jarraituko dioten arren, aldaketa txiki batzuk sartuko dituzte. Hori bai, ez dira faltako Kalamua tontorreko argazkia eta Parlamentuko turroia eta kaba.
Irteera 08:30ean egingo dute, Depor paretik, eta toki berean amaituko da, Toribio Etxebarria kalean, 11:00-11:30 inguruan. Parte-hartzaileek 16,26 km-ko ibilbidea osatuko dute, 754 m-ko goranzko desnibel metatuarekin, eta antolatzaileen berbetan bere zailtasun-maila erraza da. “Urtean zehar antolatzen ditugun trail irteeren helburua jendea mendian korrika egitera animatzea da. Horrek ez du esan nahi denbora guztian korrika egin behar denik. Normalean, igoera gogorrak oinez egiten dira; baina, lauan eta aldapa behera korrika lasaian edo ‘trotean’ egiten saiatzen gara. Ibilbidean zehar geldialdiak ere egiten ditugu arnasa hartu eta taldea elkartzeko”, diote antolatzaileek.
Trail irteera hau doakoa da eta edozeinek hartu dezake parte, baina antolaketa lana errazteko beharrezkoa da izena ematea, ondorengo GALDETEGIAren bidez.
Aholkuak
Proba egiteko orduan, honako aholkuak ematen dituzte Deporrekoek: “Nahiz eta ibilbideak zailtasun teknikorik ez izan, eta antolatzaileek korrikalariak gidatu (aurrekoak zein atzekoak), bakoitzak bere ardurapean hartuko du parte. Hau da, ezbeharren bat gertatuz gero, antolakuntza ez da arduradun egiten. Hori dela eta, gure gomendioa da herriko klub edo mendi taldearen bidez Mendian Federatua izatea, edo norberak bere asegurua izatea. Bestalde, ondorengo materiala eramatea gomendatzen da: mendian korrika egiteko oinetakoak, telefono mugikorra, zira, ura, jateko zerbait, edalontzi berrerabilgarria eta jardueraren garapen arrakastatsua bermatzeko (edo jarduera egiten den bitartean sor daitekeen edozein ustekaberi aurre egiteko) beharrezko ikusten den beste edozein material ere”.
Informazio gehiago HEMEN