XII. Asier Cuevas Herri Lasterketa, zehatz-mehatz
Bi egun besterik ez dira falta Asier Cuevas Herri Lasterketaren XII. ediziorako eta Eibarko Klub Deportiboak probaren xehetasunak jakitera eman ditu. Zapatuan, azaroak 15, 18:00etan hasiko da proba nagusia, baina aurretik, 17:00etan, Eskola Kiroleko umeek Asier Cuevas Txikia egingo dute.
Proba nagusiari dagokionez, azken urteotako zirkuitu berdina egingo dute Eibarko kaleetatik, guztira 7,5 km-ko ibilbidea betez. Deporren parean hasi eta amaituko da, eta korrikalariek hiru itzuli eman beharko dizkiote 2.500 m-ko zirkuituari.
Sariak
Sariei dagokienez, maila absolutuko lehen hiru sailkatuek (neska eta mutila) saria jasoko dute, eta baita lehen juniorrek (2006 eta 2009 urteen artean jaiotako neska eta mutilek), beteranoek (40 urtetik gora neska eta mutilek) eta eibartarrek (neska eta mutilek) ere.
Gainera, parte-hartzaile guztiek lasterketaren oparia jasoko dute eta, probaren amaieran, zozketa egingo da.
Izena-emateko
Oraindik badago izena emateko aukera eta bi modutan egin daiteke. Batetik, www.sailkapenak.com webgunean; eta bestetik, Deporren bulegoan (Toribio Etxebarria, 16-1) bihar arte 18:00etatik 20:30era).
Proban parte hartu ahal izateko, 15 euro ordaindu behar izango dira. Aipatzekoa da, baita ere, korrikalariek Ipuruako kiroldegiko dutxak erabili ahal izango dituztela.
Trafikoan eragina
Herri lasterketak eragina izango du herriko trafikoan. Horrela, 18:00etatik 19:00etara, erdigunerako sarbideak, bai saihesbidetik, bai Azitain, Txara Azpikua eta Estaziñotik, itxita egongo dira.