XXXIV. San Martin azoka egingo da azaroaren 9an, zapatua, Ermuan
Euskal Birusa Elkarteak antolatzen du azoka hau 1990etik, ermuarren artean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Helburu horri begira, azokaz gain, kultur eta kirol jarduera asko biltzen dituen egitaraua prestatu du elkarteak aurten ere. Berrogei herritar inguruk jardun dute batzorde ezberdinetan antolatuta, hainbat erakunderekin eta eragilerekin batera eta, egunean bertan, 200 euskaltzale boluntario arituko dira lanean. Horiei guztiei esker gauzatzen da herritar askorentzako “urteko egunik bereziena” den azoka egun hau.
Berrogei ekoizle izango dira guztira eta postuetan denetik egongo da: frutak, barazkiak, ogia, eztia, gazta, sagardoa, txakolina, gozogintza, marmelada, garagardoa, ahatekiak... Gainera, hamahiru artisau izango dira euren lanekin: bitxiak, eskuz egindako arropak eta motxilak, xaboiak, kandelak, eskulanak… Eskaintza biribiltzeko, hiru erakusketa egongo dira: saskigilea, egurra eta beiragintza.
EGITARAUA
11:00
- Martxoaren 8a plazan, inguruko abereen eta hegaztien erakusketa.
- Ikastetxeen salmenta postuak Goiko parkean.
- Goizean zehar, Alboka Musika Eskolako trikitilariek eta Bizkaiko Gaiteroek girotuko dituzte inguruak.
- Aurrekoez gain, artisauen gunea (salmenta eta erakusketa), herri-kirolen erakustaldia, talo eta saiheski postuak, Txindurri taldearen euskal dantzak, idi-parea…
12:00
- Herri-kirolen erakustaldia San Martin plazan eta umeentzako herri-kirolak Euskaldun Berria plazan.
- Komentukua kaletik hasita, Iruñeko Alde Zaharreko Erraldoien kalejira.
13:30
- Ekoizleen sari-banaketa.
15:30
- Baba-jan herrikoia.
17:00
- Ermuan Kantuan Merkatu plazan, Ugaitz eta Beñat musikariek girotuta.
19:00
Kalejira Bizkaiko gaiteroekin.
19:45
Errifaren zozketa, Larraindantza herrikoia eta argazki lehiaketaren sari-banaketa plazan.
20:00
Erromeria Goizargi taldearekin.