Ylenia Baglietto aktore eibartarra omendu dute Bilboko Aste Nagusian

Bizkaiko Artisten Elkartearen eskutik jaso zuen aitortza, larunbatean, Arriaga antzokian
Ylenia Baglietto aktore eibartarra omendu dute Bilboko Aste Nagusian
Jose Ramón López, Ibon Areso, Juan Mari Aburto, Ylenia Baglietto, Gabriel Rodrigo, Carlos Santos eta Marino Montero. (Carmen Barreiro, EL CORREO)
2026/08/31 12:37
Ekhi Belar Errasti

Bizkaiko Artisten Elkarteak ‘Acrosticos’ saria eman zien larunbatean, abuztuak 29, Arriaga antzokian, Bilboko Aste Nagusiaren barruan, Ylenia Baglietto aktore eibartarrari, Carlos Santos aktoreari eta Ibon Areso Bilboko alkate ohiari.

Sarituek plaka bana jaso zuten eta, nola ez, Bilboko jaietako hiru puntadun zapia, Bizkaiko hiriburuko urdin kolore esanguratsuarekin. Gainera, olerki bana eskaini zieten eta Ylenia Bagliettorena Iñaki Urrutia telebistako aurkezleak eman zuen.

 

Ibilbide arrakastatsua

Aktore eibartarrak ia 20 urte daramatza pantailaren aurrean eta eszenatoki gainean antzezten, eta formatu eta erregistro guztietara bikain moldatzen den profesionala dela erakutsi du. ‘Acacias 38’ telesailarekin arrakasta lortu ondoren, hainbat lanetan ibili da eibartarra eta azken urteotan ‘Mamma mia!’ musikala egiten ibili da Madrilen (eta ondoren, biran), arrakasta handiz.

Orain, 1.500 saio inguru eskaini ondoren, ikuskizuna laga du eta ‘Operación Maletero: Kastañuela western’ umorezko antzezlanarekin dabil egun hauetan (irailaren 6ra arte), Bilboko Euskalduna jauregian, Gurutze Beitia eta Maribel Salas aktoreekin batera.