Yousef Alhelou Gazako kazetariaren “The Phoenix of Gaza” film dokumentala emango dute gaur 18:00etan Coliseon

Yousef Alhelou kazetariak filmatutako 'The Phoenix of Gaza' (Gazako fenixa) dokumentala ikusi ahal izango da gaur (urriak 15) eta bihar (urriak 16) Coliseo antzokian.
Yousef Alhelou Gazako kazetariaren “The Phoenix of Gaza” film dokumentala emango dute gaur 18:00etan Coliseon
2025/10/15 10:23
eta kitto!

Dokumentala jatorrizko bertsioan emango dute, lanaren egilea bertan dela, gaur 18:00etan euskarazko azpitituluekin, eta bihar 19:00etan, gazteleraz azpititulatuta. Sarrerak 5 euroko prezioa dauka (hala ere, jendeak gehiago ordaindu nahi badu, onartu egingo dute dirua). Bildutako guztia zinemagilearen lan dokumentalari laguntzeko izango da.

Atzo goizean udaletxean egindako ekitaldian Jon Iraola alkateak eta Andoni Zabala Kultura zinegotziak babesa erakutsi zioten bertan egon zen Yousef Alhelou zuzendariari. Kazetari palestinarraren filmak 2023ko udan bere jaioterrira egindako bidaia pertsonala kontatzen du, zuzendariak berak atzo azaldu zuenez. Orain guztiz suntsituta dagoen Gaza haren azken lekukotasuna filmatzen arizela jakin barik, Alhelouk hondartzak, olibondoak, museoak, azokak eta bizitza soziala grabatu zituen. Izan ere, bere hasierako asmoa munduari Gazaren edertasuna erakustea zen. Baina 2023ko urriaren 7an hasi ziren Israelen erasoen ondoren, eta Palestinako herritarrek eta ondareak jasan duten erabateko suntsiketa eta gero, dokumentala memoriaren artxibo bilakatu da.

Zuzendariak berak bizitako tragedia tarteko, proiektuaren garrantzia are eta sakonagoa da: Yousef Alhelouk arreba eta bere zazpi ilobak galdu zituen erasoetan, 2023ko abenduan egindako bonbardaketan eta, atzo esan zuenez, gorpuak obra-hondakinen azpian daude oraindik, horiek kentzeko hondeamakinarik ere ez dagoelako.

Jon Iraolaren berbetan, “funtsezkoa da Eibartik leihoak irekitzea errealitate urrun eta konplexu bezain humanoei. Dokumental hau artxibo historiko baliotsua izateaz gain, enpatiarako tresna bat da. Aukera ematen digu Gazako errealitate osoa ezagutzeko, Israelgo Estatuaren eskutik jasaten duen genozidiotik haratago: bertako kultura, ondarea eta jendearen erresilientzia”.

Andoni Zabala Kultura zinegotziak, bestetik, zinemak memoria gordetzeko duen ahalmena nabarmendu zuen atzoko aurkezpenean: “Kultura arloan beste errealitate batzuk ezagutzeko eta kontzientziatzeko jarduerak programatu behar ditugu. ‘Gazako fenixa' Ikus-entzutezko dokumentuak balio kalkulaezina du, herri baten esentzia eta haren ondarea atzematen dituelako, suntsitua izan aurretik. Ez da artxibo soil bat; erresistentzia kulturaleko ekintza bat da eta bizitzaren defentsa gerraren aurrean”.