Zabalik da Torrekua Gizarte Zentroa Amañan
Zapatu honetan ireki dute Torrekua Gizarte Zentroa, Amañan, antzinako anbulatorioan egindako berrikuntza lanen ostean. Udalak adierazi duenez, agintaldiko gizarte-arloko inbertsiorik handiena izan da, eta helburua auzoan komunitatearen topagune erreferentziala sortzea da.
Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu zuenez, Torrekua belaunaldien arteko espazio gisa pentsatuta dago, adin eta behar desberdinak teilatu berean elkartzeko. Maiz egingo diren jarduera bidez harremanak sendotu eta isolamenduari aurre egitea da asmoa.
Zentroak hiru ardatz nagusi izango ditu: adinekoen etxe berria, Goyeneche Fundazioaren Garagune zerbitzua (desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko arreta) eta Gurutze Gorriaren Gazteria arloa. Adierazi dutenez, zahartze aktiboa, inklusioa eta gazteentzako lana uztartuko dira espazio berean.
Bestalde, Eibarko Nagusien Elkarteak (ENE) abian jarri du zentroko kafetegiaren ustiapenerako hautaketa-prozesua. Bost hautagaitza aurkeztu dira, eta datozen egunetan jakinaraziko dute nori esleituko zaion zerbitzua; martxotik aurrera jarriko da martxan.
Torrekuako zentroarekin bost dira gaur egun Eibarren dauden adinekoen etxeak: Amaña, Ipurua, Beheko Tokia eta Ubitxa (ENEren kudeaketapean dagoena), eta Unzagako Gizarte Zentroa.