Zabalik da XVI. Sozializazio Mintegian izena emateko epea

Maiatzaren 12an egingo da euskararen sozializazio eta transmisioari buruzko mintegia, SD Eibar-en prentsa aretoan.
Zabalik da XVI. Sozializazio Mintegian izena emateko epea
2026/04/13 14:01
eta kitto!

Zabalik dago XVI. Sozializazio Mintegian izena emateko epea. Aurtengo edizioa maiatzaren 12an, asteartea, egingo da SD Eibar-en prentsa aretoan. …eta Kitto! Euskara Elkarteak urtero antolatzen duen jardunaldia da, eta euskararen sozializazioa eta transmisioa ditu ardatz nagusi. Aurtengo edizioan, babesle dira Eibarren AKEBAI, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia, eta laguntzailea SD Eibar da.

Mintegiaren helburua euskararen erabileraren inguruan hausnartzea da, bereziki transmisioak duen garrantzia nabarmenduz. Antolatzaileen arabera, sozializazioa bera ere transmisiorako bide garrantzitsua da, eta hizkuntza erabiltzeko gaitasunaz gain, baloreak eta ardura ere transmititzen ditu.

Euskara elkartearen arabera, hizkuntza belaunaldi berriei zein ingurukoei transmititzean hizkuntza horrekiko begirunea erakusten da; hau da, hizkuntza baliozkoa eta komunitatearena dela adierazten da. Antolatzaileen ustez, gaiaren garrantzia kontuan hartuta, funtsezkoa da modu estrategikoan lantzea eta plangintza bateratuak garatzea. Horretarako, mintegiaren bidez adituak eta hizlari esanguratsuak biltzeaz gain, gaia ikuspegi askotatik jorratu nahi da.

Goiz osoko egitaraua

Jardunaldia 08:45ean hasiko da, material banaketarekin, eta ondoren ongietorria eta irekiera egingo dute. 09:15ean “Norantz doa euskara?” hitzaldia eskainiko dute Juanjo Allurrek eta Unai Oiartzunek (SIADECO), eta Miren Segurolak (UEMA).

Ondoren, 10:05ean, “Hizkuntza eskubideak Euskal Herrian, oraina eta etorkizuna” hitzaldia eskainiko du Agurne Gaubekak (Behatokia). 10:55ean, “Bilbon euskaraz hazi” saioan, guraso gazteen hizkuntza-esperientziak aztertuko dituzte Olatz Altunak (Soziolinguistika Klusterra) eta Jaime Altunak (EHU).

11:45ean atsedenaldia egingo da, argazkia eta gosaria tarteko. Ondoren, 12:35ean, euskarazko eduki sortzaileen inguruko mahai-ingurua egingo da, Ana Goitia eta Alex Etxebigelen parte-hartzearekin, Irati Alvarezen gidaritzapean.

Jardunaldia 13:25ean amaituko da.

Izena emateko, sakatu hemen

Egitaraua PDF formatuan ikusteko, egin klik hemen.