Zaldibar Argituk Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran gogoratzeko ekitaldia antolatu du domekarako Eitzagan

Otsailaren 6an beteko dira bost urte zabortegia amildu eta bi langileak lurperatuta geratu zirela.
Zaldibar Argituk Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran gogoratzeko ekitaldia antolatu du domekarako Eitzagan
2025/02/04 17:50
eta kitto!

Zaldibar Argitu plataformatik adierazi dutenez, “aurten, otsailaren 9an, domeka, 12:30ean Eitzagan batuko gara Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratzeko, eta erantzukizunak eskatzeko. Dei egiten diegu herritarrei bertaratu daitezen”. Etzi bost urte beteko dira Verter Recycling 2002 SL enpresak kudeatutako Zaldibarko zabortegia amildu zela, bi langile lurperatuta eta AP-8 autobidearen zati bat blokeatuta. Luiziak amianto asko askatu zuen, eta hainbat egun behar izan zituzten bertan sortu zen sua amatatzeko.

Zaldibar Argitu plataformatik salatu dutenez, “Euskal Herriko hondamendi ekologiko handienetakoa diru goseak eragin zuen, labur esanda. Enpresarien diru goseak. Baina ez horrek bakarrik. Enpresariek egin zituzten astakeria guztiak, zabortegiaren jarduera kontrolatu behar zuen Eusko Jaurlaritzak ahalbidetu zielako egin zituzten. Eusko Jaurlaritzako inork ez du ardura txikiena ere bere gain hartu”. Epaitegietan dagoen auzia oraindik instrukzio fasean dagoela ikusita nekatuta daudela ere esan dute: “Baina, zenbat denbora behar dute instrukzioa amaitu eta ondorioak kaleratzeko? Gu geu, gogaituta gaude”.