Zaldibarko auzian ardura politikoak hartzeko eskatu dute, luiziaren hirugarren urteurrenean

Zaldibarko auzian ardura politikoak hartzeko eskatu dute, luiziaren hirugarren urteurrenean
2023/02/06 14:47
eta kitto!
ARGIAk landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.

 

2020ko otsailaren 6an amildu zen Zaldibarko zabortegia, eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak hil ziren, luiziak harrapatuta. Haiek oroitzeko omenaldia egin dute igandean, Zaldibarko Eitzaga auzoan, hondamendia gertatu zen inguruan, Zaldibar Argitu plataformak antolatuta. Herritarrek berretsi dute auzia argitzeke dagoela hiru urteren ostean: “Ardura politiko zuzenak izan arren, inork ez ditu bere gain hartu”.

Gogoraraztekoa da Sololuzeren gorpurik ez dela agertu, eta plataformako kideek nabarmendu dute segituko dutela “iluntasun honetan guztian argia bilatzen”. Argi dute “ekidin zitekeen hondamendia” izan zela: “Zabortegian jazotakoa eta bi langileen heriotzak ez ziren istripua izan, Verter Recycling-eko arduradunek zuhurtziagabekeriazko homizidioa onartu baitzuten epaitegietan”, salatu du Janire Lazkano plataformako kideak, Garak jaso duenez. Halaber, auzia ahanzturan erori ez dadin lanean segitzera dei egin dute: “Autopistatik joaten direnak ez daitezela ahaztu zelai berde horren azpian pozoi pila bat dagoela”.

Baimendutakoa baino lur eremu handiagoa

Hiru urte luzeren ostean auzia zabalik dago oraindik, eta ingurumenaren aurkako delitua ikertzen ari dira epaitegietan. Otsailaren 28an deklaratu beharko dute Eusko Jaurlaritzako hiru ingurumen teknikarik, ikertu moduan, Berriak oroitarazi duenez.

Azken informazioen arabera, Ertzaintzak epaitegiari emandako txosten batek dio Verter Recycling enpresak baimenik gabe behar baino 64.699 metro koadro gehiagoko lur eremua erabili zuela zabortegirako. Alegia, Zaldibarko Udalak eta Jaurlaritzak 137.259 metro koadroko lursailak kudeatzea onartu zioten, baina %47,10 handiagoa zen eremua erabili zuten, Berriak jakinarazi duenez.