Zapatu honetan inauguratuko dute Torrekuako zentro soziala

Zapatu honetan inauguratuko dute Torrekuako zentro soziala
2026/01/27 12:41
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Erabat berritu dute Torrekuako anbulatorioa izan zen eraikina. Zapatu honetatik aurrera, adin guztietako pertsonentzako gizarte-zentro bihurtuko da. Eguerdiko 13:00etan inauguratuko dute, adinekoen erosotasuna, jarduera eta ongizatea sustatzeko helburuarekin.

Bestalde, udaletik jakinarazi dutenez, zentroa adin guztietako herritarrentzat egongo da zabalik, eta belaunaldien arteko interakzioa bultzatzea ere izango du xede. Horrela azaldu dute: “Haurrek, nerabeek, helduek eta nagusiek parte hartu ahal izango dute komunitatearen integrazioa eta ongizatea sustatzen duten tailer, ikastaro, aisialdi-jarduera eta gizarte-programetan. Gure helburua espazio ireki, irisgarri eta parte-hartzailea izatea da”.

Udalak jakinarazi duenez, eraikinaren modernizazioa edo birgaitze lanak Europako Next Generation funtsei eta Espainiako Gobernuaren dirulaguntzei esker gauzatu dira. Fatxada eta estalkia erabat berritu dituzte, klimatizazio-sistema eraginkorrak instalatu dira, eta barruko espazioak egokitu dituzte oztoporik gabeko mugikortasuna bermatzeko, igogailua eta eskailera egokituak jarriz.

Eraikinak hainbat gune izango ditu, besteak beste, ikasgelak, kafetegia eta hainbat espazio Goyeneche Fundazioarentzat, Gurutze Gorriarentzat eta Ikasten elkartearentzat.

Udalaren arabera, proiektu honek herritarrek aspalditik egindako eskaera bati erantzuten dio: “Urteetan erreferentziazko espazio bat eskatzen ari ziren jubilatuentzat, jarduera komunitarioak egin ahal izateko”.

Kafetegiaren kudeaketa zabalik

Zentroak kafetegia ere izango du. Zerbitzua kudeatzeko hautaketa-prozesua urtarrilaren 30era arte egongo da irekita, ENE Eibarko Nagusien Elkartearen bitartez. Parte hartzeko oinarriak Beheko Tokia, Urki eta Ipurua gizarte-zentroetan daude eskuragarri.