Zapatuan Bizkaiko Biraren 9. etapa egingo dute Klub Deportiboko mendizaleek
2017/06/28
08:30
eta kitto!
Klub Deportiboko Mendi Batzordeak antolatuta egiten diharduten Bizkaiko Biraren opor aurreko azken etapa egingo dute zapatu honetan, uztailaren 1ean. Etapa hori itzuliaren bederatzigarrena izango da eta Turtzios eta Karrantza batuko ditu, tartean 721 metroko Ranero mendia igotzeko. Irteeran 23 kilometro eta erdi osatuko dituzte eta, batez beste, 1.100 metroko desnibela gaindituko dute, erdi mailako zailtasuneko etapan. Armañongo parke naturala zeharkatuko da eta txangoa amaitu aurretik Pozalagua koba ondotik pasatuko dira; haitzulo hori Europako politenetakoa da eta bere estalagmita eszentrikoengatik da ezaguna batez ere. Gainera, aukera dago kobari bisita laburra egiteko. Autobusa goizeko 07:00etan irtengo da autobus geltokitik eta interesatuta daudenek oraindik aukera dute izena emateko Klub Deportiboko bulegoetan bihar eguenean, 19:30etik 20:30era. Bizkaiko Biraren 10. etapa, bestalde, irailaren 30ean egingo dute Karrantza eta Lanestosaren artean.