Zapatuan egingo den Jana Ez Da Txantxa bazkaria aurkeztu dute

Zapatuan egingo den Jana Ez Da Txantxa bazkaria aurkeztu dute
2015/10/13 00:00
eta kitto!

Zapatuan (hilak 17an) bigarrenez egingo da "Jana ez da txantxa" bazkari solidarioa Eibarren, Untzaga plazan ipiniko duten karpan, Peruko Piurako hainbat nekazari-komunitateri laguntzeko asmoz. Gaur (martitzena, hilak 13) aurkeztu dute ekitaldia antolatzaileen (Alboan, Egoaizia eta Aldatzen) izenean jardun duen Leire Morketxok, Miguel de los Toyos alkateak, Idoia Sarasketa Gizartekintza zinegotziak, Aitor Elizegi eta Mireia Alonso sukaldariek eta Asier Albizuk, egun horretan sukaldean lagunduko duten elkarte gastronomikoen izenean.
Zapatuan 14.00etan hasiko den bazkaria prestatzeko bidezko merkataritzako osagaiak erabiliko dituzte. Mireia Alonso sukaldariak prestatuko du arroza, Peruko norbaitek lagunduta. Gainera, 12.00etan umeendako sukaldaritza tailerra ere emango du. Aitor Elizegi sukaldaria pozik agertu da "laguntzeko aukera eskaintzeagatik. Nire ustez goi sukaldaritzak horren ondo bazkaltzeko aukerarik ez dutenek hobeto jan dezaten laguntzeko balio beharko luke". Horrekin batera, sukaldari eibartarrak aurreratu duenez, "Mondragon Unibertsitatean ikasten duen peruar batek hango errezeta eta osagaiak erabilita arroza prestatuko du, nahi duenak hangoa nolakoa den ezagutzeko aukera izan dezan. Eta umeen tailerrean frutak eta txokolatea erabiliko ditugu".
Ekitaldiak elkarte gastronomikoek, Auzolanek eta beste elkarte eta erakunde batzuen laguntza dauka eta horiei guztiei eskerrak eman dizkiete, "bazkaria antolatzea posible egiteagatik". Txartelak Kultu, Koskor, Kontent, Guridi eta Depor tabernetan, Villalba supermerkatuan eta Aldatze ikastetxean ipini dituzte salgai, 10 eurotan (7 eurotan ume, jubilatu eta langabetuentzat). Aurten, gainera, "Plato Zero" delakoarekin, txartela erosi eta bazkarira joan barik ere laguntzeko aukera dauka jendeak.