Zapatuan "Koralito" abesbatzaren lehen aktuazioa hartuko du Ipuruako Merkatu Plazak
Ipurua auzoan ekimen parte-hartzaileak abian jartzeko asmoz sortutako auzo-abesbatza da Koralito. Jose Miguel Laskurainek zuzentzen du taldea eta berak azaldu dizkigu jardueraren nondik norakoak: "Helburua ekimena auzoko pertsonei irekitzea izan zen, adin-mugarik gabe. Orain, 10 urteko neskatoak daude, eta baita 70 urte inguruko helduak ere; beraz, adin-tarte zabala dago. Emakumeak zein gizonak daude, baina emakumeak dira gehien parte hartzen dutenak. Entseguak astean behin egiten ditugu eta irekiak eta doakoak dira. Zapatuan, gure lehen aktuazioarekin, taldearen aurkezpena egingo dugu".
Publikoak ere parte hartu ahal izango du zapatuko emanaldian. "Mundu guztia kantatzea da gure asmoa, koruan egon ala ez", dio Laskurainek. 10 bat abesti eskainiko dituzte: erdia euskaraz, hiru gaztelaniaz eta bi Afrikako hizkuntzetan. Auzotarrei eta herritarrei zapatu eguerdian Ipuruako Merkatu Plazara gerturatzeko deia egiten diete, "helburua kantuaren bitartez ondo pasatzea da-eta".