Zapatuan VI. Lore, landare eta zuhaitz azoka izango da Urkizun

Zapatuan VI. Lore, landare eta zuhaitz azoka izango da Urkizun
2016/03/17 16:32
eta kitto!
Zapatuan, martxoak 19, Eibarko lore, landare eta zuhaitz azoka izango dugu Eibarren. Debemen eta Eibarko Udalak antolatzen duten seigarren edizioa izango da aurtengoa, eta 12 parte-hartzaile izango ditugu Urkizun eurek ekoiztutako landareak, sendabelarrak eta landareekin egindako produktu kosmetikoak erakusten eta saltzen. 11:30ean haurrendako tailerra izango da. Guzti honetaz Juantxo Pollacino Dekolore elkarteko buruarekin egin dugu berba.

- Bihar, zapatua (martxoak 19), Eibarko lore, landare eta zuhaitz azoka izango dugu Urkizun. Zer moduz joan dira aurreko urteak?
Eibartarren erantzuna orokorrean oso ona izan da, gure produktuekiko jakinmina azaldu izan dute eta hartuemona atsegina izan da. Aurreko bost urteetan azokak izan duen harrera ikusita, merezi du azoka indartzeko ahalegina egiten jarraitzeak. Hala ere, esango nuke, kontsumo ohitura berriak direla-eta, bai Eibarren bai Eibartik kanpo, txikitzen ari dela jendeak horrelako azoken inguruan duen interesa. Lehen mailako tokiko sektore hau mantentzeko beharrean jarraitu behar dugu.

- Zenbat parte-hartzaile izango dira eta zer aurkituko dugu bertan?
12 parte-hartzaile izango gara, gehienak landare haztegiak. Gainera, kosmetika eta medikuntza naturala lantzen dutenak eta artisauren bat ere egongo dira. Era askotako landareak egongo dira: sasoikoak, barrukoak, zuhaitz eta zuhaixkak, aromatikoak, sendabelarrak eta sukaldekoak, kaktusak...
Kosmetika eta medikuntza arloko produktoak ere izango ditugu: jaboiak, kremak, hortzetako pasta, txanpuak… Hauek landare aromatiko eta sendagarrietan oinarrituta egoten dira. Horretaz gain sukaldaritzan erabiltzen diren haziak eta landareak eta sendabelarrak aurkituko ditugu.
Artisau bi etorriko dira. Euren lanak lore eta landare ziku eta prentsatuekin egiten dituzte. Batak kuadroak egiten ditu, eta besteak oso zintzilikari originalak.

Juantxo Pollacino Juantxo Pollacino, Dekolore elkarteko burua

- Haurrenako jarduerak ere antolatu dituzue…
Bai, 11:30ean hasiko den tailerrean lore eta landare prentsatuekin egindako orri markatzaileak egiten erakutsiko diegu, eta egindakoan etxera eraman ahal izango dituzte liburuetan erabiltzeko edota norbaiti oparitzeko.

- Dekolore elkartekoa zara. Zer da Dekolore eta zelako lana egiten du?
Bi arrazoi nagusi egon ziren Dekolore elkarte sortzeko: alde batetik, landare  munduaren gainean dagoen kultura eta ezagutza eza, eta bestetik kontsumitzeko ohitura berrien aurrean tokiko ekoizleek daukagun babes gabezia. Gure lan ildoetako bat ekoizle eta kontsumitzaileen arteko topagunea sortzea da, bien arteko komertzializazio zuzena sustatzeko asmoz. Azoka hauen bitartez, onura ekonomikoaz gain, ingurugiro mailako etekinak ere nahi ditugu. Azoka hauek tokiko ekonomia familiarrean oinarrituta daude, artisau-lana da eta naturako lehengaiak erabiltzen ditugu. Bestalde, espazio horiek erabiltzen ditugu haurrendako tailerrak eta beste era bateko jarduerak antolatzeko eta, modu horretan, gure grina eta ezagutza transmititzeko eta landareen gaineko kultura zabaltzeko. Gure webgunearen bitartez, www.landare-azokak.blogspot.com, Euskal Herrian antolatzen diren azokan guztien berri ematen dugu.

- Sasoi honetan zer landare mota gomendatzen diguzu?
Era guztiko zuhaitzak eta zuhaixkak landatzeko une egokia da. Aldi berean sasoiko landareekin loreontziak berritzen has gaitezke, neguko landareekin (pentsamenduak, udaberri-lorak), edota udako loreekin (geranioak, sesamoak...)

- Zelan zaindu behar ditugu loreak eta landareak?
Landareak ondo zaintzeko kontuan hartu behar dira bere hazkuntzan eragiten duten 5 faktoreak: lurra edo susbstratua, elikagaia edo ongarria, ura, argia eta tenperatura. Landare bat erosten denean komenigarria da zainketari buruzko informazioa jasotzea, eta horretarako oso garrantzitsua da ekoizlearekin harreman zuzena izatea. Landare batzuk berez delikatuagoak izaten dira, baina, orokorrean,  landare arruntenak ez dira bereziki delikatuak izaten.

-  Zein da sasoirik onena sektoreretzat?
Argi eta garbi udaberria da loreak eta landareak saltzeko sasoirik onena. Alde batetik landare gehienentzat onuragarriagoa den eguraldia hasten delako eta, bestetik,  lehen egun beroekin eta eguzkiarekin balkoiak eta lorategiak apaintzeko gogo handiagoa izaten duelako jendeak. Gainera, landare asko bere bizitzaren gailurrean daude, bai loratze aldetik bai itxura aldetik ere. Izan ere, hosto berriak eta disdiratsuagoak izaten dituzte.ore