Zapatuan urteko gaueko ibilaldia egingo dute Deporreko mendizaleek
Gernikatik Lagaraino joango dira irteera berezi horretan parte hartuko dutenek, tartean San Pedro Atxarretik pasatuta. Irteera berezi horretarako 20 kilometroko ibilbidea prestatu dute, 630 metroko igoera metatua eta 590eko jaitsiera metatua izango duena. Aukera bikaina eskaintzen du horrelako ekitaldi batek “mendian beste modu batean ibiltzeko eta beste soinuak eta paisaia nabaritzeko”.
Parte-hartzaileak 21:00etan abiatuko dira Eibarko tren geltokitik eta Gernikan handik bi ordura, 23:00etan, ipiniko dira martxan. Ibilbideak GR-123a jarraituko du uneoro, San Pedro Atxarrerako igoera ezik (GPSko tracka eta marken arteko desberdintasunak aurkituz gero, markei jarraitu behar zaie). Ibilbidea: Oka ibai gaineko zubia, Kortezubi, Urdaibai Bird Center, Gautegiz Arteagako gaztelua, mareen bidez funtzionatzen duen errota, kanala, Dantzaleku, San Pedro Atxarre (312 m., Urdaibaiko ikusmira paregabearekin), Akorda auzoa eta Laga. Bainu batekin emango dute ibilbidea.
Informazio gehiagorako, interesatuek Deporreko bulegora joan daitezke martitzen edo eguenean (19:30-20:30) edo 943-201904 telefono zenbakira deitu.