Zapaturako mendi irteera antolatu du Eibarko Baso Biziak elkarteak
Bestalde, jarduera honek etorkizuneko proiektu zabal baten hasiera izan nahi duela gaineratu dute, “Eibarko mendiak beraien jatorrizko egoerara itzultzeko eta gure ondorengo belaunaldiek gozatu dezaten”. Elkarteak lur horien zati bat eskuratu du bazkideen kuoten eta aparteko ekarpen batzuen bidez, eta aurreratu dutenez 2024an, crowdfunding bat egingo da, “erosketa hori, hurrengo erosketak eta baso-kudeaketa finantzatu ahal izateko.
Zapatuan Urkizuko iturritik abiatuko dira, 09:30ean, Aritzbakarragara igotzeko (45 minutu, gutxi gorabehera), eta bertan proiektua azalduko dute, talde-argazkia egin, eta ekitaldi sinboliko batekin amaituko dute. Antolatzaileen berbetan, “mendiko oinetakoak eta arropa eramatea gomendatzen da. Ibilbidea haurrentzat egokia denez, familian etortzera gonbidatzen dugu jendea. Buelta, berriz, 12:00etatik 13:00era bitartean izango da”.