Zaporeak-en erronka solidarioarekin bat egingo du Eibarko Udalak aurten ere
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Zaporeak proiektuaren eskutik Debabarrenean burutuko den erronka solidarioa, Ermuko Udalean. Eibar eta inguruko hainbat sukaldariren ekimenez orain dela urte batzuk sortu zen erronkak helburu argia dauka: Lesboseko (Grezia) kanpalekuetan dauden errefuxiatuei janari duina ematen jarraitu ahal izateko elikagaiak eta dirua biltzea. Izan ere, Zaporeak proiektuko boluntarioak urteetan ari dira Greziako errefuxiatu-kanpalekuetan lanean, eta egunero milaka otordu prestatzen dituzte oso egoera zaurgarrian dauden pertsonentzat.
Debabarreneko erronka solidariorako janari-bilketa martxoaren 24tik 28ra bitartean izango da eta, aurreko edizioetan bezala, herri bakoitzean elikagai bat bilduko dute: Eibarren, pardina dilistak; Elgoibarren, garbantzu pedrosillanoa; Deban, Ermuan eta Soraluzen, arroz luzea; Mallabian eta Mendaron, hodi erako makarroiak; eta Mutrikun, arraina kontserban. Horrekin batera, dirua biltzeko asmoz rifak salduko dituzte. Erronkarekin kolaboratzen duten jatetxeetan bi lagunentzat afariak eta Debabarreneko artista independenteek egindako koadroak eta bestelako artelanak izango dira sariak.
Erronkari amaiera emateko, tuper solidarioa egingo dute martxoaren 29an. Aurten Ermuko Orbe Kardinalaren Plazan egingo da, 14:00etatik 15:00etara: egun horretan Debabarreneko sukaldariek janaria prestatzen emango dute goiza, plazan bertan, eta ondoren tuperrak (erdia lentejak bakailaoarekin, beste erdia arroza Lumagorrirekin eta fruta pieza bat) 5 eurotan erosi ahalko dira.
Aurreko urteetan bezala, Eibarko Udalak ere erronkarekin bat egingo du, eta herritarrak gonbidatu nahi ditu proiektuan laguntzera. Jon Iraola alkateak azpimarratu du beharrezkoa dela zerbait egitea errefuxiatu-eremuetan milaka pertsonak bizi duten larrialdi humanitarioaren aurrean: “Elkartasuna ez da keinu huts bat, elkartasuna erantzukizuna da. Ezin ditugu begiak itxi dena galdu dutenen aurrean; gure laguntza behar dute egunero jateko. Zaporeak eta horrelako proiektuek gogorarazten digute duintasuna ere egunero elikatu behar dela, eta janari-plater bat itxaropen-izpia izan daitekeela zoritxarraren erdian", adierazi du.