Zaporeak proiektuari laguntzeko bildu diren 5.250 euroak eman dituzte

Zaporeak proiektuari laguntzeko bildu diren 5.250 euroak eman dituzte
2020/06/16 11:41
eta kitto!
Hainbat sukaldariren eskutik Greziako errefuxiatuei laguntzeko Eibarren eta Ermuan egin den erronka lortu egin da aurten ere eta, zailtasunak zailtasun, Lesboseko eremuan daudenei jaten emateko milaka kilo arroz eta dilista batzeaz gain, higienerako produktuak, umeei emateko panpinak eta beste produktu batzuk ere biltzea lortu dute. Horiek guztiak Urkotronik enpresak lagatako biltegian daude, Lesbosera bidaltzeko prest. Horrekin batera, 5.250 euro batu dira dirutan eta atzo eman zioten Zaporeak proiektuko Efren Flores eibartarrari erronkako arduradunek, Jesus Gonzalez, Maite Gorrotxategi eta Mireia Alonso sukaldariek. Aurten bigarrenez antolatu den erronka solidarioan lagundu dutenetako asko bildu ziren atzoko ekitaldian: Eibar eta Ermuko Udal ordezkariak, Eibar Kirol Elkarteko eta Athletic-eko fundazioetakoak, sukaldariak, Untzagako jubilatuak… horiei eta lagundu duten beste guztiei beraien eskerrik beroena azaldu nahi izan zuten antolatzaileek.